Garaipen handia Liverpoolen aurka

0

Athletic Clubeko 23 urtez azpiko taldeak (Bilbao Athleticeko eta Basconiako jokalariek osatutakoa) garaipen bikaina lortu du Liverpool FC taldearen aurka The Academyn, Reds taldeak Kirkbyn dituen instalazioetan. Premier League International Cup txapelketako ligaxkako hirugarren eta azken partidan lortu du garaipena Joseba Etxeberriaren taldeak, 1-2 irabazita (biak Inigo Baqueren golak) talde ingelesari, lehen zatian egindako lan onagatik batez ere.

Zuri-gorriak laster egin dira jokoaren nagusitasunarekin eta aukera onenekin. Argiena, Jon Guruzetak 8. minutuan eduki duena. Aresoren pase sakon baten ostean, erdilariak bakarrik utzi du Winterbottom atezainaren aurrean eta honek eskuin oinez aldendu du baloia.

Baquek eta Tasconek beste bi aukera izan dituzte Athleticen lehen golaren aurretik. Biak ere lehen golaren protagonista izan dira, kontraeraso baten ostean. Tasconek baloia borrokatu du area barruan eta Baqueren oinetara heldu, honek sareetara bidaltzeko. 8 minutu geroago, Durangoko jokalariak bigarrena lortu du, Guruzetaren erdiraketa baten ostean.

Liverpool Dixon-Bonnerren jokaldi batekin bakarrik gerturatu da Athleticen arera atsedenaldira iritsi baino lehen, baina Iruk eta Vivianek ondo defendatu dute. Bigarren zatian saiakerak egin baditu ere, ezin izan du zuri-gorrien ate ingurura hurbildu, eta Etxeberriaren mutilek abantaila handitzeko beste aukera batzuk izan dituzte. 81. minutuan Jack Bearnek 1-2koa sartu du, eta hiru minutu beranduago geldiketa ederra egin du Iruk Tom Hillen jaurtiketa batean.

Emaitza horrekin, Athleticek ezin izango du txapelketako hurrengo fasera pasatu (multzo bakoitzeko lehenak eta bigarren onenak sailkatzen dira). Multzoko azken partidan (Wolverhampton eta Liverpoolen artean) bietako bat gailenduko da sailkapenean, oraingoz PSG buru dela, zuri-gorriek dituzten 4 puntu berdinekin baina gol bat gehiago rekin (4-4 eurek eta 3-3 Athleticek). Liverpoolek edo Wolvesek lortutako garaipen batek hurrengo fasean sartuko lituzke sailkapeneko lehen postuan, eta berdinketa bat lortuz gero, Redsek Athletic ere golen aldearekin gaindituko luke (orain 4-4koa da haientzat).