Barakaldok kontzentrazio-esparruetan deportatu eta hil zituzten sei barakaldarrak omentzea proposatu du

0
Barakaldoko osoko bilkurak ostegunean eztabaidatuko du Alazne ikastetxeko ikasleek proposatutako ekimena. Zementuzko galtzada-harriak jarriko lituzkete biktima bakoitzaren oroimenez. Barakaldoko DBHko 4. mailako ikasleak Auschwitz Bizkaia erakusketa ikustera gonbidatuko ditu Udalak, Gernikan.

1945eko urtarrilaren 27an, aliatuek Auschwitzeko kontzentrazio-esparrua askatu zuten, eta horregatik ospatzen da urtarrilaren 27an Holokaustoaren Nazioarteko Eguna. Barakaldok egun hau gogoratu nahi izan du Barakaldo Oroimenarekin proiektua aurkeztuta; ekimen hori Alazne ikastetxeko (Gurutzeta) ikasgeletan sortu da, eta nazien kontzentrazio-esparruetan erbesteratuak eta erailak izan ziren sei barakaldarrak omentzea eta aitortzea du helburu.

Amaia del Campo Barakaldoko alkateak Alazne ikastetxeko zuzendari eta ikasleekin batera aurkeztu du gaur goizean, eta bertan sortu da proposamena. Hain zuzen ere, Alazne zentroaren proposamena Gunter Demnig artista alemaniarrak martxan jarri duen proiektuan oinarritzen da, kontzentrazio esparruetan deportatu eta erail zituzten pertsona guztiak gogoratzeko Stolpersteine monumentua diseinatu baitzuen. Alemanezko hitz horren esanahia hauxe da: ibiltariari bidean estropezu eginarazi diezaiokeen harri bat. Lehenengoa Kolonian jarri zuten, 1992ko abenduaren 16an.

Alazne ikastetxeko DBHko 4. mailako ikasleek Udala inplikatu nahi izan dute hirian 6 stolpersteine jartzeko: kontzentrazio-esparruek pairatu zuten barakaldar bakoitzeko bat. Monumentuak 10x10x10 zentimetroko zementuzko kuboak dira. Goialdean 10×10 zentimetroko letoizko plaza bat dute txertatuta, eta bertan daude grabatuta omendu nahi den pertsonaren datuak.

HOLOKAUSTO NAZIA PAIRATU ZUTEN SEI BARAKALDARRAK
Aitortza horretan parte hartuko duten hiru barakaldar kontzentrazio esparruetan hil ziren 1941 eta 1942 artean. Julian Aparicio Baranda, Gerardo Moro de la Fuente eta Felix Urrutia Saez izan ziren. Beste hiru barakaldarrak, Luis Arranz, Emilio Cuevas Alonso eta Jose Luis Mazo Salamo, tropa aliatuek askatu zituzten 1945ean.

“Aitortu beharra daukat proiektuak oilo-ipurdia jarri zigula: Lehenik eta behin, Historiako kapitulu garrantzitsu bati egiten diolako erreferentzia, ziur baikaude kontuan izan behar dugula beti, horrelako akatsik berriro ez egiteko.  Eta, era berean, sinbolismoz, balioz eta errespetuz betetako proposamena egiten zigutelako ikasleek. Gazteak, zalantzarik gabe, ikastetxeen laguntzarekin, berriz ere konpromisozko lezioa ematen digutenak, eta horregatik lan egin dugu ekimen hau errealitate bat izan dadin “, azaldu du Del Campok.

Gobernu taldeak lehen pausoa eman du jada ekimen hau errealitate bat izan dadin. Joan den ostiralean Alkatetza Batzorde Informatiboa egin zuten, eta bertan akordio proiektu bat banatu zuten, osteguneko ohiko osoko bilkuran bozkatu beharrekoa.  “Onartu ondoren, baimena eska genezake plakak diseinatzen eta jartzen hasteko”, adierazi du alkateak.

Estatuan 129 Stolpersteine daude: 109 Katalunian, 3 Valentzian eta 17 Balear Uharteetan. Barakaldoko seiak Euskadiko lehenak izango dira.  “Printzipioz, sei pertsona horien berri izan dugu, baina, amaitu aurretik, nabarmendu nahi nuke ez dela posible izan sei bizilagun horien senideekin harremanetan jartzea; beraz, norbaitek informazio gehiago badu haiei buruz edo nazien kontzentrazio-esparruetan erbesteratutako edo eraildako beste bizilagun batzuei buruz, udalarekin harremanetan jartzeko deia egiten diogu, informazio gehiago jaso ahal izateko”, amaitu du alkateak.

BISITA AUSCHWITZ KONTZENTRAZIO ESPARRUARI BURUZKO ERAKUZKETA BATERA
Alazneko ikasleek hasitako ikerketa historikoko lanarekin jarraitzeko, Barakaldoko DBHko 4. mailako ikasle guztiei (750 ikasle inguru) Gernikan dagoen Auschwitz Bizkaia erakusketara bisita bat eskaintzea erabaki du Udalak.