Hondarribiako Gazte Olinpiadak baloratu dituzte

0

Abenduan Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuak, Saindua Gaztelekuarekin batera gazteei zuzendutako olinpiadak antolatu zituen.

DBHko ikasleentzat zuzendutako ekintza izan zen eta guztira bost taldek parte hartu zuten, berrogei bat gazteek.

Urteak pasa dira azkenekoz horrelako ekintza komunitario bat antolatu zenetik, eta aisialdi osasuntsua bultzatzearren, gabonetan gazteei zuzendutako ekintzak egitea proposatu zen. Honekin batera, herriko kaleak aisialdi osasuntsuz betetzea eta gazteek herrian bertan nolako aukerak dauden ohartaraztea zen helburu. Horrela, helburu nagusietako bat betetzen zelarik: gazte nerabeen ohitura eta bizimodu osasuntsuak bultzaraztea, hain zuzen ere.

Bost talde aritu ziren lehiaketan egun hauetan zehar eta denen parte hartzea bultzatzeko ekintza mota desberdinak burutu ziren. Hauetan kirola, sukaldaritza, trebezia, originaltasuna, etab. kontutan hartu zirelarik.

Hauek izan ziren Hondarribia osoan zehar egin ziren sei jarduera desberdinak:

  •  Arrantza eta zabor bilketa Kaian.
  • Pala eta Futbol txapelketa Soroeta auzoan.
  •  Argazki Rallya herri osoan zehar (Santiagotxotik Portura)
  •  Yow zirkuitua Kirol Kaian.
  •  MY GOT txapelketa Arma plazan.
  •  “MasterChef” Gaztelekuan.

Ekintza guzti hauek burutu ahal izateko  gazte boluntarioen laguntza ezinbesteko izan da. Aurten zortzi gazte izan ditugu burubelarri hezitzaileokin batera elkar lanean.

Aurten izandako arrakasta eta helburuak erabat bete direla ikusita, hurrengo edizio batean elkartzea espero dute hezitzaileok eta asko eskertzen dute egindako lana.