Zarauzko inauterien aurkezpena

0

Inauteriak ospatzeko prest dago Zarautz. Aurtengo berrikuntza nabarmena, Inauterien festak egun gehiagotara zabaldu direla izango da: otsailaren 20ean hasi, osteguna, eta otsailaren 25era, asteartera, arte adin guztietarako ekitaldiak egongo dira.

“Kolorez eta festaz beteko da Zarautz egun hauetan zehar. Aurtengo berrikuntzekin,  azken urteetan Inauteriei emandako bultzadari eutsi nahi diogu, eta festa indartzen jarraitu, denetarik eta denontzat eskainiz, herriko agente ezberdinekin elkarlanean”, adierazi du Ixidor Larrañaga (EAJ-PNV) Turismo zinegotziak.

Ostegunean, otsailak 20, adibidez, ‘Blusen pintxo-potea’ antolatu da. ZUREKIN elkarteko taberna hauetan (Arguiñano, Euskalduna, Iruña, Salegi eta Tivoli) blusarekin azaltzen den edonori lehen pintxoa doan emango zaio. Gainera, Ustekabe txaranga egongo da 19:00etatik 21:00etara herriko kaleetan zehar giroa alaitzen.

Ostiralean, otsailak 21, Jalgi dantza taldeak “Galtxagorrien jaitsiera” izeneko kalejira antolatu du, 18:30ean. Gaia euskal mitologia izango da eta dantzariak herriko kaleetan zehar ibiliko dira dantzan, joaldunak eta euskal mitologiako pertsonaiak lagun. Imanol Urbieta musika eskolatik irtengo dira, Musika Plazatik pasa eta Lege Zaharraren enparantzaraino iritsiko dira, bertan akelarre batekin amaitzeko.

Egun potenteena larunbata, otsailak 22, izango da. Txupinazoa 12:00etan botako du Koxme Baleak, Modelo Aretoko balkoitik. Arratsaldean, 17:30ean, Inauterietako IV.Konpartsaren txanda izango da; aurten, “Eurovision” jaialdia izango da Marisa Merino dantza eskolarekin elkarlanean adin guztietako herritarrek prestatutako ekimen honen gaia. 18:00etan, Frontoi zineman, DJ nerabeak eta nerabeen mozorro lehiaketa ospatuko da. 19:00etan kuadrilen mozorro-lehiaketa ospatuko da, Musika Plazan, Fan&Go taldearen dantzaldiarekin batera. Bertan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da Zarauzko Turismo Bulegoan edo Euskalduna Tabernan. Gauean, adin guztietarako ekitaldiak izango dira: 20:30ean Udaberri tabernan, mozorro dantza; 21:30etik 00:30ak bitartean, Zinema pilotalekuan, nerabeentzat DJ festa, eta 23:00etatik aurrera, Fan&Go taldearekin erromeria, Musika Plazan.

Igandean, otsailak 23, Alde Zaharrean kalejira egingo da, 12:00etan, Mauxitxa txarangarekin, erraldoi eta buruhaundiekin batera. Arratsaldean, 17:00etan, Panpinen zirkua izango da Musika plazan eta, jarraian, 18:15ean, Txikidantz dantzaldia.

Astelehenean, otsailak 24ean, 16:30etik 19:30era, Lege Zaharraren enparantzan Haur Parkea egongo da etxeko txikientzat eta, amaitzeko, asteartean, otsailaren 25ean, Sardinaren entierroa ospatuko dute Santa Ana Egoitzakoek, 11:00etan hasita, herriko kaleetatik.