Beatriz Artolazabal: “Globalizazioak, produkzioaren deslokalizazioak eta balio-kate global berriek gure erkidegoen lan-egituretan eragiten dute”

0

Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, gaur arratsaldean Oviedon esan du “globalizazioak, produkzioaren deslokalizazioak eta balio-kate globalen konfigurazioak eragin handia dutela gure erkidegoen lan-egituren gainean. Hori jada argi ikusi zen krisi ekonomikoaren aurretik”. Artolazabalek azaldu duenez “administrazio publikoak gure politikak doitzen eta aldaketei erantzuteko erabakiak hartzen ari gara. Horretarako, gero eta bizitza luzeagoa duen eta baliabide gutxiago dituen biztanleriari gizarte-zerbitzu aurreratuak eskaini behar dizkiogu”.

Artolazabalek Oviedon egiten ari diren Atlantikoko emakume enpesari eta zuzendarien I. EDA KONGRESUAn hartu du parte “penintsularen ipar-mendebaldeko ekonomiak gainditu behar dituen erronkak analizatzeko, eskualde horien erronka komunei —energia-trantsizioa eta deskarbonizazioa, 4.0 Industria, ekonomia zirkularra, lehen sektorea edo demografia— aurre egiten lagunduko dien lankidetza komuneko oinarri bat bilatuz, eta ekonomiako eta aberastasuneko fluxu positiboak sortuz”.

Artolazabalekin batera, mahai-inguruan egon dira Asturiasko Printzerriko Industria, Enplegu eta Sustapen Ekonomikoko kontseilari Enrique Fernandez, Stem karrerak hedatzeko Junior Achievement España enpresako zuzendari nagusi Blanca Narvaez, Leongo Unibertsitateko Lan Zuzenbideko katedradun Javier Fernandez Costales, Fade-ko lehendakariorde Maria Calvo, Femetal-eko lehendakari Guillermo Ulacia eta Ceoe-ko komunikazio-zuzendari Carmen Alsina moderatzaile gisa.

“Ziurgabetasun erlatiboen eta aldaketen etengabeko prozesu batean gaude. Gastuan zuhurtzia edo eustea eta inbertsioa ohikoak eta ezinbestekoak dira familientzat eta enpresentzat. Gure enpresek merkatu globalizatuetara egokitzen eta bertatik etekina ateratzen jakin izan dute.  Gaur badirudi Europako ekonomiak etengabe eta neurrian hazteko bidea hartu duela”, esan du Artolazabalek.

Artolazabalen ustez, “aurreikusitako testuinguru horretan, enpresek euren jarduera eta aukerak berriro zehaztu eta egokitu behar dituzte, iraganean baino ahalegin handiagoak eginez, eta inoiz baino gehiago bikainak, liderrak eta erreferentziakoak izanez. Pertsonak ere beste modu batera bizi gara: enpleguz eta enpresez edo, zenbaitetan, karrera profesionalez gehiagotan aldatzera ohitu behar dugu, lan asko desagertu egiten direlako eta beste batzuk sortzen direlako”.

Egokitzea: gakoa

“Administrazio publikoak jada gure politikak egokitzen eta aldaketei erantzuteko erabakiak hartzen ari gara.  Horretarako, gero eta gehiago bizi den eta baliabide gutxiago dituen biztanleriari gizarte-zerbitzu aurreratuak eman behar dizkiogu, eta ezin dugu ahaztu produktibitatearen hazkunde handiago baten barruan lan-bizitza luzatzearen inguruko eztabaida”, gogoratu du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Artolazabalen iritziz, “enpresen aukeren, egokitzapen teknologikoaren, erronka demografikoaren, produktibitate handiagoaren eta uztartze-politiken arabera aukerak berriro definitzean eta doitzean dago gakoa. Ageriko bilakaera positibo batean, erabateko aldaketa-prozesuan gaude. Mundua lehen baino “askoz ere txikiagoa da” eta “guztia hemen ondoan dago”. Pekínen, Seattlen edo Hanburgon gertatzen denak hemen, Oviedon, Bilbon edo Pontevedran eragiten du”.

“Antza denez datozen 20 urteetan ohituta geundenak baino hazkunde txikiagoak ezagutuko ditugu.  Krisia eman arren, 80ko hamarkadatik gaur arte merkatuak, ekonomiak eta produzitzeko moduak izugarri hazi dira.  Guztia aldatu da eta guztia aldatzen ari da.  Baina garai hori amaitzear dagoela dirudi, eta prozesu horren hiru faktoreak inflazioa, interesak eta hazkunde globala dira. Iragan astean ezagutu genituen Europako Batzordearen 2020ko neguko aurreikuspen ekonomikoek adierazten zuten Europako ekonomiak etengabe eta neurrian hazten jarraituko duela. Aurreikuspen horien arabera, Euroaren zonako barne produktu gordinaren (BPGd) hazkundea % 1,2n mantenduko da 2020an eta 2021ean. EBn, oro har, 2019ko % 1,5eko hazkundearekin alderatuz, 2020an eta 2021ean hazkunde hori % 1,4ra jaistea aurreikusten da”, zehaztu du Artolazabalek.

Mahai-ingurura bertaratutakoei Artolazabalek gogoratu die “industria eta herrialde askotan, gaur egun eskaera handiena duten okupazioak edo espezialitateak duela hamar edo bost urte ez zirela existitzen eta aldaketa gero eta azkarrago egingo dela. Kalkulu batzuen arabera, gaur lehen hezkuntzan hasten diren haurren % 65ek une honetan existitzen ez diren lanbidetan lan egiten amaituko du».

Euskadi, esperientzia pilotuak

“Euskal klusterrekin —Gaia adibidez— eta ezagutzaren eta teknologia aplikatuaren industrien Klusterrarekin esperientzia pilotuak lantzen ari gara. Hainbat herrialdetako —adibidez Estatu Batuak— puntako sektoretan jada errealitate diren eta aurki Europan joera bihurtuko diren enplegu horiek hauteman nahi ditugu.  Gure Enplegu Zerbitzua prestakuntza esparru berri horietara —adibidez, robotika— bideratzen saiatzen da.  Baztertuak geratzeko arriskuan dauden gazteak programatzaile gisa prestatzeko ekimenak babesten ditugu. Ikasgelan eta enpresan lanbide-heziketa eta unibertsitate-heziketa dualak datozkigun joeretara egokitzeko aukera handiagoak ditu. Laugarren industria-iraultza horri akordio sozialetik ekin behar diogu enpleguen galera ekiditeko» gaineratu du.

“Gure gizarteak, belaunaldi berriek, enpresek eta jada lan-merkatuan dauden pertsonek euren hezkuntza-sistema eta etengabeko ikaskuntza-sistema berriro definitu behar dituzte.  Erronka ugari dituzte: Prestakuntza teknologiko espezializatu bat, zeharkako konpetentziak eskuratzea eta garatzea, hizkuntza gehiago ezagutzea eta bizitzan zehar burututako etengabeko prestakuntza” azpimarratu du.

Artolazabalen iritziz, “Euskadin, hemen Asturiasen eta Europako industria-fatxada atlantiko osoan bezala, industria- eta gizarte-ehunak laugarren industria-iraultzaren errokari egin behar dio aurre. Iraultza horrek, industria 4.0 abiarazi ondoren, produkzio-prozesuen digitalizazioa eta automatizazioa dakar berarekin. Horixe da enpleguaren erronka nagusietako bat”.

 “Uste dut etorkizunean lan kooperatiboak eta sareak sortzeak balio handiago izango dutela. Horregatik, Eusko Jaurlaritzatik honako esparru hauek garatzen ditugu: 4.0 industriarako bidezko trantsizioa egiteko Euskal Itun Sozial bat, gure Elkarrizketa Sozialeko Mahaitik sortzen den Orientazioaren Behatoki berri bat, 4. Industria-iraultzaren eraginagatik langabezian dauden pertsonei beste lanpostu bat bilatzeko planak, prestakuntzazko eguneratzeko eta lan-merkatura itzultzeko prozesuan lana aurkitzeko aukerarik ez duten langileentzako gizarte-estaldura, denbora luzez langabezian dauden taldeak lan-merkatura itzul daitezen laguntzea, Industria 4.0ren esparruan sortuko diren aukera berrien ondorioz; prestakuntza espezializatua eta, une oro, emakumeentzako aukera-berdintasuna» azaldu du Beatriz Artolazabalek