AZKUNA ZENTROAK STEVE PAXTON CONTACT IMPROVISATION-EN SORTZAILEARI BURUZKO ESTATUAN EGIN DEN LEHEN ATZERA BEGIRAKO ERAKUSKETA AURKEZTEN DU

0
  • Steve Paxton. Drafting Interior Techniques Erakusketa Aretoan irekiko da gaur, 19:30ean.
  • Proiektua, bakarra estatuan, arte bisualak eta dantza garaikidea lotzen ditu Ipar Amerikako koreografoaren ondarearen bidez.
  • Antzezpen, mintegi eta tailerren programa publiko batekin osatzen da erakusketa eta bihar, otsailaren 21ean, ostirala, hasten da, Jurij Konjar koreografoaren emanaldiarekin, tokiko 42 performerrekin batera.
  • Apirilean Nazioarteko Mintegi bat egingo da erakusketaren inguruan eta Steve Paxtonek bertan parte hartuko du.

Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbao Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikideko Zentroak Steve Paxton. Drafting Interior Techniques erakusketa irekiko du gaur arratsaldean. Gonzalo Olabarria Kultura zinegotziak, Fernando Pérez Azkuna Zentroko zuzendariak, Rakel Esparza programazio arduradunak eta João Fiadeiro eta Romain Bigé erakusketako komisarioek erakusketa aurkeztu dute gaur. Erakusketa maiatzaren 10era arte egongo da ikusgai Zentroko Erakusketa Aretoan.

Aurkezpenean Fernando Pérezek nabarmendu duenez, Estatu mailako proiektu bakar honek arte bisualak eta dantza garaikidea batzen ditu, eta dantza garaikidearen erreferente nagusietako baten lanari eta legatuari eskainitako lehen atzera begirakoa da. Azkuna Zentrora iritsi da erakusketa, Culturgest-Fundação Caixa Geral de Depósitos-rekin (Lisboa) lankidetzan, non 2019ko martxoa eta uztaila bitartean aurkeztu zen lehen aldiz.

Steve Paxton. Drafting Interior Techniques erakusketarekin, Azkuna Zentroak bere erakusketa aretoko ateak irekitzen dizkie dantza garaikideari eta haren aitzindariari kubo zuria esperimentazio-espazio bihurtzen duen proiektuarekin, arte eszenikotik, memoriatik, ikus-entzunezko narratibatik eta praktika performatibotik igarotzen dena.

Steve Paxton (Arizona, 1939) dantza garaikidearen aitzindarietako bat da. Berrogeita hamarreko hamarkadan hasi zuen ibilbidea dantzari profesional gisa. José Limónekin eta Merce Cunningham Dance Companyrekin lan egin zuen. Elkarlanean aritu zen Robert Rauschenberg, Simone Forti, Yvonne Rainer eta beste artista askorekin, eta Judson Dance Theater eta Grand Union kolektiboa sortu zituen haiekin batera. Hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetan, laguntza eman zuen bi dantza-teknika iraultzaile sortzeko: Contact Improvisation eta Material for the Spine izenekoak. Mugimenduan-dagoen-pentsalaria eta idazlea izanik, Paxtonek ehun artikulu baino gehiago argitaratu ditu, dantzari eta inprobisazioari buruz, eta ibilbide luzea egin du dantzari, koreografo eta irakasle gisa, Ipar Amerikan eta Europan. 1970etik Mad Brook Farm-en bizi da, Vermont-en iparraldean dagoen artisten komuna batean.

Steve Paxton. Drafting Interior Techniques ikus-entzunezko piezen, elkarrizketen eta instalazioen bidezko mugimenduan dauden irudien erakusketa da. Horiek, koreografoak mugimenduari eta gorputzari buruz bere ibilbidean egin dituen galderak aurkezten dituzte eta ikus-entzunezko piezekin Paxtonen begiradaren bidez mugimendua behatzeko zortzi ‘estudiotan’ agertzen dira: oinezkoak, anarkia, ukimena, grabitatea, gelditasuna, desorientazioa, indibidualtasuna eta harremana.

Proiektuak dantzarekin, artearekin edo psikologiarekin zerikusia duten 70 liburutik gorako artxiboa du. Funts hori Mediatekako bibliografia-bildumaren parte da, eta gune horretan kontsultatu ahal izango da erakusketa amaitu ondoren.

Steve Paxtonen alderdi ugariei omenaldia eginez, erakusketa osatzeko, programa publiko bat egingo da: emanaldi-ziklo bat, tokiko eta nazioarteko artistek zuzendutako tailerraknazioarteko mintegi bat eta sektoreko profesionalek emandako Contact Improvisation saioak ospatuko dira igande guztietan Erakusketa Aretoan.