Arabako Foru Aldundiak diruz lagunduko ditu Arabako herrietan aldaketa klimatikoa arintzeko eta energia berriztagarrien alde egiten diren ekintzak

0

Arabako Foru Aldundiak dirulaguntza lerro berria onetsi du Arabako udalek eta administrazio batzarrek abian jar ditzaten aldaketa klimatikoa arintzeko ekintzak eta proiektuak, energia berriztagarriak eta jasangarriak bultzatuta. Zehazki, 180.000 euroko dirulaguntza bat gaitu du eguzki energia termikoa, eguzki energia fotovoltaikoa, minieolikoa, biomasa, geotermikoa, minihidraulikoa eta mugikortasun elektrikoaren aldeko ekintzak bultzatzeko.

Zehazki, diruz lagundu daitezkeen ekintzei esker, besteak beste, argiteria publikoan eguzki argiztapena jarri ahal izango da, energia jasangarria aprobetxatzeko instalazioak eraiki, flota publikorako ibilgailu elektrikoak erosi edo ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak jarri ahal izango dira. Diruz lagunduko dira, baita ere, energia auditoretzak eta ordu programazioko edo urrutiko kontroleko ekipoak, haiei esker herriek energia efizientzia hobetu eta energian eta ingurumen arrastoan aurreztu ahal izateko.

Ekimen hori Araban Energia Berriztagarriak Sustatu eta Garatzeko Planean sartuta dago, eta sektore publikoan eragin nahi du, batez ere. Izan ere, laguntza lerro horren bidez nabarmendu nahi da erakundeek eredu izan behar dutela.

Motogurdi elektriko bat, kargaguneak edo eguzki plakak Guztira, hamabost toki erakunde izan ziren iaz laguntza hauen onuradunak. Hain zuzen ere, Kanpezuko Udalak finantzaketa jaso zuen kargagune elektriko bat jartzeko, ez soilik motordun ibilgailuentzat, baita bizikletentzat ere. Helburu berarekin, Bastidako Udalak eta Ibargurengo Administrazio Batzarrak ere laguntzak jaso zituzten. Horrez gain, Laudioko Udalak aldundiaren laguntza lortu zuen motogurdi elektriko bat erosteko. Laguntza honetako beste lerro bat da udal eraikinetan eguzki ekipamenduak jartzea autokontsumorako, eta Amurrioko eta Arratzua-Ubarrundiko udalek laguntza hori erabili zuten horretarako.

Beste toki erakunde batzuek, hala nola Asparrena, Dulantzi, Burgelu, Agurain, Donemiliaga, Iruraiz-Gauna, Zalduondo eta Urizaharreko udalek, dirulaguntzak jaso zituzten eraginkortasun energetiko handiagoa lortzeko.