Bizkaiak Adinekoen Kontseilua indartu du, lurraldeko edadeko pertsonak parte hartzeko organoa

0

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Adinekoen Kontseiluak osoko bilkuraren ohiko bilera egin dute gaur goizean Foru Jauregian, eta bertan onartu dute, besteak beste, lurraldeko Adinekoen Kontseilua berregituratu eta arautzen duen Foru Dekretuaren zirriborroa.  Gaurko onarpenaren ondoren, Foru Dekretu berriak izapidetze prozesu normalari ekiten dio, Kontseiluaren baitan bertan irekitako azterketa eta hausnarketa prozesu baten ondorioak txertatuz, eta horren emaitza izan da Lurralde Historikoaren zahartze-politika sektorialen kontraste-organo hori indartzea.

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak aurrez agurtu nahi izan ditu Foru Jauregian egin den topaketan izan direnak. Unai Rementeriak lantaldeetan parte hartzen duten pertsona guzti-guztien lana eskertu du, Bizkaiak lurralde kohesionatuagoa eta belaunaldien artekoa, justua eta solidarioagoa eraikitzeko politika publikoetan aurrera egin dezan lortzen baitute, betiere adinekoen esparruan gizarte-ekintza gero eta eraginkorragoa eta haien beharretara egokituagoa garatuz, parte-hartzetik eta elkarrekin sortzetik abiatuta.

Adineko pertsonek Kontseiluan izan duten ordezkaritzaren buru Manuel Merino izan da, organoko presidente berria, eta berarekin batera Hartu Emanak, Secotek eta Nagusilan erakundeetako ordezkariak izan dira, hari lagundu nahian. Osoko bilkuran izan dira, foru erakundearen aldetik, Gizarte Ekintzako foru diputatu Sergio Murillo, Autonomia Pertsonala Sustatzeko zuzendari nagusi Asier Alustiza eta Administrazio eta Gizarte Sustapeneko zuzendari nagusi Maite de Iturrate.

Bertaratutakoek zahartze aktibo eta osasungarrirako bizi-baldintza ezin hobeak sortzeko eta bultzatzeko abian jarritako politiken balantzea egiteko aprobetxatu dute gaurko bilera, eta, halaber, urte amaierara arteko lan-plana onartu dute batzordeek (60 profesionalek eta lurraldeko adineko pertsonek osatutakoa), Bizkaiak adin guztientzako lurralde bihurtzeko bidean aurrera egiten jarrai dezan.

Joan den astean hasitako world cafe formatuko dinamiketan murgilduta daudenez, osoko bilkurak oso positiboki baloratu ditu Adinekoen Kontseiluko batzordeetako kideak dinamizatzaile gisa aktiboki laguntzen eta sustatzen ari diren topaketa ireki horiek. Basaurin, Barakaldon eta Bilbon egindako saioetan borondatez parte hartu duten belaunaldi desberdinetako pertsonen esperientziak, iritziak eta proposamenak (gaur arratsaldean eta bihar arratsaldean Getxon eta Durangon egindakoekin osatuko direnak) beren-beregi jasoko dira Bizkaiko Foru Aldundiak prestatuko duen Autonomia Pertsonala eta Adinekoen Arreta Sustatzeko Plan berrian.

Bizkaiko Adinekoen Kontseilua

Bizkaiko Adinekoen Kontseilua partaidetza- eta ordezkaritza-organo kolegiatua da, aholku-emailea eta proposatzailea, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailari atxikita dago. Foru administrazioaren eta gizarte zibilaren arteko elkarrizketa irekia eta lankidetza egonkorra da, eta gobernu eta demokrazia parte-hartzailearen ereduari erantzuten dio. Gobernu irekiaren eredu hori Bizkaiko Foru Aldundiaren nortasun-ikurra da, eta politika publikoen hartzaile diren adinekoek beren beharrei erantzuteko, beren eskubideak sustatzeko eta modu eraginkorrean erabiltzeko duten eskubidean eta gaitasunean oinarritzen da.

Hala, elkarrizketa-gune egonkor horretan, Bizkaiko adinekoek, beren elkarteen bidez, foru-gobernuarekin batera eraikitzen dituzte Bizkaiko biztanleriaren sektore horren ongizatea lortzeko politikak, ekintzak eta jarduerak.  Bere funtzioaren eta kontseiluak bultzatzen dituen ekintzen ardatz nagusia «Bizkaian zahartze aktiboa sustatzeko baldintza optimoak sortzea» da, Lurraldeko Adinekoen Plan Estrategikoaren esparruan.

Kontseiluaren Osoko Bilkura sei hilean behin biltzen da, eta, horri dagozkion gaiei buruz eztabaidatzeaz gain, bere lan-planaren jarraipena egiten du. Plan horren barruan, lurraldeko 60 profesionalek eta adinekoek osatutako hiru lan-batzorde bideratzen dira.  Hemendik aurrera, beste bat gehituko da, Bizkaiko funtsezko aldagaien bilakaera monitorizatu eta, hala, Adinekoen Kontseiluaren helburuak lor daitezen.