IKT-en alorrean Autonomia-erkidegoko sektore publiko osoaren politika erkidea eta baterakoa ahalbidetzen duen dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du “Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak kudeatzeko ereduari buruzko dekretua”. Arau berri horrek “informazioaren eta komunikazioaren teknologien” alorrean Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publiko osoaren politika erkidea eta baterakoa indartzen duen kudeaketa-eredua bultzatu eta arautzen du. Eusko Jaurlaritzaren helburua da autonomia-erkidegoko erakunde publiko guztientzat —Eusko Jaurlaritza, erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko ente publikoak, sozietate publikoak, fundazioak eta partzuergoak— koordinatuta egongo diren eta eraginkorrak eta jasangarriak izango diren antolakuntza-mekanismoak ezartzea.

Dekretu berri horrekin Eusko Jaurlaritzak euskal gizartearen eskariari erantzuten dio, kaudimen, arintasun, eraginkortasun eta hurbiltasunez artatua izatekoari. Gainera, IKTak modu eraginkor eta jasangarriagoan kudeatzean, Eusko Jaurlaritzak aukera izango du:

  • Gastua arrazionalizatzeko.
  • Bere azpiegitura teknologikoen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko.
  • Gardentasun-politikan eta herritarrek parte hartzekoan aurrera egiteko.
  • Langile publikoen eta herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzeko.
  • Emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa betetzeko, hizkuntzaren erabilera ez-sexista, informazio-sistemetan genero-ikuspegia txertatzeko, erabakiak hartzean ordezkaritza orekatua izateko, emakumeek IKT sektorean parte hartzeko eta, azken helburu gisa, Euskadin generoaren araberako eten digitala murrizteko.
  • Herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu publiko guztien elkarreragingarritasun osoko politika inplementatzeko.
  • Espezializazioa ahalbidetzeko, eta abar.

Gaur onartutako dekretuak lau kapitulu, xedapen gehigarri bat, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen ditu. EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

IKTPE PLAN ESTRATEGIKOA

Dekretu horren nobedadeen artean, Eusko Jaurlaritzak, urtebete baino lehen, “Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien alorreko Plan Estrategikoa” (IKTPE) onartuko du. Urte anitzekoa izango da eta gehienez ere 5 urteko iraupena izango du (4. artikulua). Plan horrek zehaztuko ditu IKTen arloko epe ertain eta luzeko oinarrizko helburuak, EAEko sektore publikoaren beharrak lehenestea, IKT zerbitzuak emateko estrategia, lehentasunezko intereseko proiektuak identifikatzea, bai eta helburu horiek lortzeko ekintzak edo proiektuak ere, Eusko Jaurlaritzak informazio-sistemen, sareen eta zerbitzuen azpiegituren edo komunikazioen arloan gauzatuko dituenak, komunikabideen arloko euskarri teknikoa barne.

IKT BATZORDE ESTRATEGIKOA

Gaur onartutako testuak, halaber, gutxienez urtean bitan bilduko den “IKT Batzorde Estrategikoa” sortzea aurreikusten du (10. artikulua). Alorreko erabakiak, gidalerroak eta politika publikoak ezarriko dituen eta Plan Estrategikoak ezartzen dituen proiektuen egikaritzea kontrolatu eta jarraituko duen kide anitzeko organoa izango da. 

KUDEAKETA BATERATUA

Dekretu hori indarrean jartzen denetik aurrera, Eusko Jaurlaritzak modu bateratuan kudeatuko ditu autonomia-erkidegoko sektore publiko osoan biltzen diren IKT zerbitzu guztiak (18. artikulua), hau da, azpiegitura teknologikoak, komunikazioak, lanpostuak eta zerbitzu korporatibo bateratuak.

Gaur onartu den dekretuaren xedapen gehigarriaren arabera, EJIE, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, Itelazpi, Eusko Jaurlaritzaren telekomunikazio-sozietatea, eta Izenpe, Ziurtapen eta Zerbitzu Enpresa publikoa, izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioari eta haren sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeei zerbitzu informatiko eta teknologiko guztiak emateaz arduratuko direnak. Horrela, Eusko Jaurlaritzak honako hauek bermatuko ditu:

  • Sare eta sistemen bateragarritasuna, komunikagarritasuna eta segurtasuna.
  • Informazio publikoaren osotasuna, fidagarritasuna eta konfidentzialtasuna.
  • Sektore publikoa osatzen duten erakundeen arteko elkarreragingarritasuna.

Gainera, hiru enpresa publikoek laguntza eta aholkularitza teknikoa emango diete proiektu erkideen kontrola eta jarraipena egiteko eta gainbegiratzeko sortuko diren lantaldeei.