Zabalik dago Donostiako Gazteen Antzerki Topaketan izena emateko epea

0

32. Gazteen Antzerki Topaketaren prestakuntza lanak abian dira jada. Hala, edizio horretan parte hartzeko izen ematea zabalik dago martxoaren 26ra arte. Talde ez profesionaletan dabiltzan 14 eta 30 urte bitarteko gazteek izena eman dezakete.

Udaleko Donostia Gazteriak, Donostia Kulturaren eta Kutxa Kulturen laguntzarekin batera antolatzen duen Gazteen Antzerki Topaketa maiatzean eta ekainean izango da hiriko hainbat agertokitan: Antzoki Zaharra, Kontadores Gazte Zentroa, Lugaritz Kultur Etxea, Gazteszena eta Kutxa Kultur Kluba. Helburua da gazteak antzerkiarekin harremanetan jartzea, bai antzezle, bai sortzaile, eta baita ikusle moduan ere; antzerkira joateko ohitura bultzatzeko eta kultur ekitaldi horiekin gozatzeko.

Bestalde, Topaketak parte hartzaile gazteak motibatu nahi ditu, beraien sormen prozesuan aurrera egin dezaten, eta baita haien kultur ekoizpenaren zabalpena bultzatzeko ere.

32. Gazteen Antzerki Topaketan parte hartu nahi duten taldeek Donostia Gazteriako web orrian aurkituko duten eskaera inprimakia bete beharko dute, eta antzezlanaren argazki adierazgarri batekin batera, 2020ko martxoaren 26a baino lehen gazteria@donostia.eus posta elektronikora bidali edo posta arruntez honako helbidera:

Gazteen Antzerki Topaketa
Donostia Gazteria
Agirre Miramon kalea 4, 20002 Donostia
Tel.: 943481909