Orioko joskintza taldeko kideak osasun langileentzat maskarak eta mantalak egiten ari dira

0

Koronabirusak hankaz gora jarri du gizartea eta agerian utzi ditu osasun sistemaren gabeziak. Ospitaletako, osasun zentroetako edo adinekoen egoitzetako osasun langile asko beharrezkoak diren babes pertsonalerako neurriak hartu gabe lanean ari dira, materiala falta delako. Hala, herri ekimenetik sortuta, Ostargi joskintza taldeko kideek osasun langileentzat maskarak eta mantalak egiteari ekin diote norbere etxetik. Rosaura Bravo irakasleak sare sozialen bidez bidaltzen dizkie osasun arloko materiala egiteko bideoak, eta arrakasta izaten ari dira eskualdean. Orion ez ezik, inguruko herrietako jostunengana ere iritsi baita ekimena. “Taldean erizain batzuk ditugu, eta mezua iritsi zitzaigun Donostiako osasun zentroetan mantalik gabe lanean ari zirela azalduz. Segituan jarri ginen martxan”. Mantalak etxean egin ahal izateko hainbat bideo ikusi zituen joskintza irakasleak, eta ohartu zen nahiko zailak zirela taldeko kideentzat, asko jostun hasiberriak direlako. “Buruari bueltak ematen hasi zen, eta plastikozko poltsa handiekin mantalak modu errazagoan egin zitekeela konturatu zen Bravo, eta ikasleei bidali zien jarraibideak azaltzen zituen bideotxoa.

Horrez gain, osasun langileentzat maskarak ere egiten ari dira joskintza taldeko kideak. “Erizainak diren lagunak ditut; ez dute koronabirusa duten gaixoekin lana egiten, baina nabarmendu didate oso garrantzitsua dela babes neurriak hartzea. Ez kezkatzeko esan nien, eta maskarak egiten hasi ginen. Jakin badakigu telazko maskarak ez dutela besteak bezain beste babesten, baina ezer baino hobeak dira”. Orion 80 lagun inguru ari dira osasun langileentzat materiala egiten, eta oso pozik dago Rosaura Bravo irakaslea, “ekimenak harrera paregabea” izan duelako joskintza ikasleen artean. “Eskerrak eman nahi dizkiet taldeko kideei, deia egin orduko lanean hasi zirelako eta, zailtasunak zailtasun, ahalegin handia eginez helburua lortzen ari garelako. Txapeldunak dira denak”, nabarmendu nahi izan du.