Ramiro Gonzalezek Sanchezen dekretuaren “interpretazio malgua” eskatzen du, Arabako industriaren itxiera masiboa saihesteko

0

“Arabak interpretazio malgua behar du, gure ekonomia koma egoerara eramango duen industria itxiera masiborik gerta ez dadin”, esan du gaur goizean Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak, 10/2020 Errege Dekretuari dagokionez; izan ere, dekretu horrek jarduera ekonomikoa eta, bereziki, industriala geldiarazten ditu. Interpretazio malgua egitearen alde dago, gainera, «polemikarik gabe, liskarrik gabe, elkarrekin batera egiten enpleguak, milaka pertsonaren bizi proiektuak defendatzeko”.

Gonzalezek gogorarazi duenez, “alde handiak daude autonomia erkidegoetako ekonomien eta ehun produktiboaren osaeraren artean. Gure kasuan, eta bereziki Araban, industria da gure indargune nagusia”. Hala, langileen segurtasunaren bermea alde batera utzi gabe, “lehenengo gauza pertsonen bizitza eta osasuna baitira”, Arabako agintariak uste du “dekretua hobetzeko garaiz daudela, industriaren zati bati bere jarduerarekin jarraitzen utzita, hau da, enpresek erabat itxi ez dezaten”.

“Beste modu batera egin zitekeen”, kexatu da Arabako diputatu nagusia, eta neurri malguagoak hartzea espero du, Asturiasen gertatu den bezala, hura ere erkidego industriala baita. “Erabakiak hartzeko garaiz gaude, etorkizunean pentsatuta. Asturiasek ahal badu, Euskadik eta Arabak ere bai”, ondorioztatu du.

Era berean, konfiantza mezu hau plazaratu nahi izan du: “Nahitaez geratu beharreko une honetan, Arabako Foru Aldundiko Gobernua errendimendu betean dago. Sail guztiak ari dira lanean Arabaren alde eta Arabarako”. Diputatu nagusiak argi utzi du ez duela baliabiderik ukatuko. “Kolpea gogorra izaten ari da, baina aurrera egingo dugu”, ziurtatu du.