2020rako Euskadiko koadro makroekonomikoa berrikustea eta salbuespen eta ziurgabetasun ekonomikoari aurre egiteko Eusko Jaurlaritza hartzen ari den neurriak

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Ogasun eta Ekonomia Sailak Euskadiko hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenak berrikusi ditu, Covid-19aren pandemiaren ondorioz sortutako ezohiko egoeraren aurrean, Eusko Jaurlaritzak epe labur eta ertainean aurrera eraman behar duen estrategia ezartzeko eta planifikatzeko. Martxoaren 29ko Errege Dekretuaren ondoren ezarri den gaur egungoa bezalako hilabeteko konfinamendu agertokiarekin egin du lan. Hipotesi horretan, normaltasunera pixkanaka itzultzeak 45 eta 60 egun arteko trantsizio epealdia eskatuko luke. Horrekin, 2020an euskal ekonomiak -%3,6ko kontrakzioa izango duela aurreikusten da, eta 2021ean %2,6ko hazkundea.

2020ko lan merkatuari buruzko aurreikuspenek, enplegua urtean 1,7 puntu jaitsiko dela erakusten dute, 17.000 lanpostu galduz. Langabezia tasa %11,4an geratuko litzateke. 2021ean enpleguak 1,6 puntu egingo luke gora, eta 15.000 lanpostu sortuko lirateke. Horri esker, %10etik beherako tasara itzuli ahal izango ginateke, %9,6ra, hain zuzen ere.

Euskadik, gaur, osasun arloko gastua finantzatzea posible egingo duen eta enpresak eta pertsonak jasaten ari diren larrialdi egoerari erantzungo dion estrategia ekonomikoa behar du, premiaz. Eusko Jaurlaritzak argi eta garbi dauka ezinbestekoa dela Covid-19aren bilakaeraren arabera eman daitezkeen agertokiei aurrea hartzea.

ERANTZUTEKO ESTRATEGIA EKONOMIKOA

Agertoki horrek kontu publikoetan dituen ondorio ekonomikoak aztertu ondoren, inpaktuko hiru dimentsio aurreikusten dira:

  1. Sektore publikoaren likidezia, enpresen likidezia bultzatzeko tributu arloan hartu diren neurriak direla eta.
  2. Diru-sarrerak, ekonomiaren bilakaera eta erantzuteko malgutasuna kontuan izanda.
  3. Gastu publikoari buruzko erabakiak.

Egoera horrek datozen hilabeteetan diruzaintzan izango duen eragina oso garrantzitsua izango da, eta kudeatu egin beharko da, baina kontu nagusia atzeraldiaren ondorio ekonomikoei aurrea hartzea da, BPGaren -% 3,6ko beherakada ekar dezake eta.

Hain egoera konplexuak izango duen eragina aurreikustea zaila da, eta erakundeen arteko erabateko lankidetza eskatuko du. Horregatik, Foru Aldundiekin eta Eudelekin lanean ari gara, ondorio horiek zehazteko eta era koordinatuan kudeatzeko.

Eusko Jaurlaritzak oso faktore positiboa egiaztatu du, azken hiru urteetan arrakastaz egindako finkapen fiskaleko prozesuak ematen duen marjinaren ondoriozkoa; izan ere, aurreikusitako agertokia ekitaldiaren zati nagusian zorpetze mugaren barruan kudeatu ahal izango da. Zorpetze muga hori 858 M€-koa da.

Lehen pausoa eman da, Eusko Jaurlaritzaren kaudimen handiari esker arrakastaz gauzatu den 500 M€-ko Euskadi bonu jasangarriaren jaulkipenarekin; eta laster, Europako Inbertsio Bankuarekin 140M€-ko eragiketa bat ixtea aurreikusten da. Bi eragiketa horiek zorpetze mugaraino osatu ahal izango lirateke, epe luzeko mailegu edo jaulkipen pribatu txikiagoekin. Egoera are okerragoa balitz, BPGa gehiago jaitsiz, zorraren muga nabarmen igo beharko litzateke.

Hori guztia dela eta, gaur egun lehen fase honetan erantzuteko premiazko neurrietan hiru maila hartzen dira kontuan:

  1. Martxoaren 17an 300M€-ko Covid-19 programa egokitzea, diru-zaintzako soberakinen kargura (programa hori beste 200M€-tan handitu daiteke, aurrekontuan gauzatu gabe geratu denaren marjinatik hartuta)
  2. Zirkulagarriaren 0 intereseko 525 M€-ko finantzaketa-lerroak aktibatzea.
  3. Defizita eta zor publikoa handitzea, jarduera ekonomikoa gehiago erortzen bada.

TAULA MAKROEKONOMIKOAREN BERRIKUSPENA

Euskadiko ekonomiak, eskariaren aldetik, behera egingo du etxeetako kontsumoan, 4,4 puntu urtean batez beste, eta, agregatu horren garrantzia dela eta, horrek BPG osoa berarekin eramango du. Era berean, inbertsioa 4,1 puntu jaitsiko da, eta baita kanpoko eskariaren ekarpena ere, esportazioek beherakada erlatibo handiagoa izango dutelako, 0,6 puntu jaitsiz. Gehikuntza izango duen balio bakarra kontsumo publikoa izango da, 4,6 puntu igoko baita, ekonomiaren egonkortzaile automatikoek eta gastu publikoa handitzeko ezohiko neurriek, osasun arlokoek, besteak beste, eta konfinamenduaren ondorioak arintzeko ezarritakoek bultzatuta.

Eskaintzari dagokionez, konfinamendu neurriek ekoizpeneko sektore guztiei eragiten diete. Industria sektoreak birusa Euskadira iritsi aurretik sentitu zuen koronabirusaren kolpea, jadanik bazegoelako balio kate globaletan, eta 3,9 puntuko beherakada izango du urteko batez bestekoan; zerbitzuak, berriz, 3,3 puntu jaitsiko dira, urtearen bigarren partean industria baino pixka bat gehiago jaitsiko baitira. Eraikuntzak, bere aldetik, hiruhileko hazkunde negatiboak izango ditu urteko bigarren hiruhilekotik aurrera.

HIRUHILEKO AURREIKUSPENAK EUSKAL EKONOMIARAKO (2020ko martxoa)
Urte arteko bariazio tasak
  2020 2020 2021
I II III IV
BPG 0,1 -6,2 -4,5 -3,9 -3,6 2,6
Gastua azken kontsumoan 0,7 -4,6 -3,2 -2,8 -2,5 2,4
Gastua etxeetako kontsumoan -0,3 -8,1 -4,9 -4,3 -4,4 3,5
Gastua Administrazio Publikoen kontsumoan 4,4 8,4 3,1 2,6 4,6 -1,2
Kapital eraketa gordina 0,5 -7,6 -4,8 -4,5 -4,1 3,2
Barne eskariaren ekarpena 0,7 -5,5 -3,8 -3,3 -3,0 2,7
Kanpoko saldoaren ekarpena -0,6 -0,8 -0,7 -0,6 -0,6 -0,1
Lehen sektorea 7,8 -9,6 -6,7 -9,9 -4,6 5,9
Industria eta energia -1,5 -6,8 -4,0 -3,5 -3,9 3,0
Eraikuntza 0,6 -4,6 -3,2 -2,9 -2,5 1,7
Zerbitzuak 0,4 -5,8 -4,2 -3,6 -3,3 2,2
Balio erantsi gordina 0,1 -6,0 -4,1 -3,6 -3,4 2,4
Produktuen gaineko zergak 0,4 -7,8 -7,5 -6,6 -5,4 3,8
BPG deflaktorea 0,7 0,5 0,7 0,9 0,7 1,3
Enplegua -0,3 -4,0 -2,2 -0,4 -1,7 1,6
Langabezia tasa 9,4 14,0 12,0 10,2 11,4 9,6

 

Iturria: Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza.