UPV/EHUk 1.577 tona CO2 gutxiago isuri du konfinamendua dela eta

0

Bada ondorio positiborik ere koronabirusaren pandemiari aurre egiteko itxialdi neurriak direla eta, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Iñaki Zuazo Urionabarrenechea irakasleak eta Eduardo de la Torre Pascual ikertzaileak egiaztatu ahal izan dutenez.

Haien kalkuluen arabera, UPV/EHUren aurrez aurreko jarduera ia hiru astez etetearen ondorioz, 1.577 tona CO2 gutxiago isuri du unibertsitateak; hau da, urtero sortzen duenaren % 5,63.

Jasangarritasun Zuzendaritzak mugikortasun ohituren inkestan lortutako emaitzak hartu zituzten abiapuntu Zuazok eta De la Torrek azterlan hau egiteko. Aipatutako inkesta unibertsitateko kideei egin zieten 2018an, eta Europa mailan egin zen, U-MOB sarearen barruan dauden beste unibertsitate batzuekin lankidetzan. Ekimen horretan, unibertsitateko kideen mugikortasun ohiturak eta horiek klima sistemaren gainean duten eragina analizatu zuten, UPV/EHUk zer ingurumen aztarna uzten duen kalkulatzeko. Ekimena Gorka Bueno Mendietak koordinatutako Campus Bizia Lab programako EHU-Aztarna proiektuaren barruan dago.