Bi atxilotu Bermeon droga-trafikoagatik

0

Ertzainek bi gazte atxilotu zituzten atzo Bermeon droga-trafikoa leporatuta. Patruila batek atzeman zituenean, atxilotuak kalean zeuden, bat auto baten barruan eta bestea kanpoan, gidariaren atearen ondoan. Guztira 50 gramo kokaina, 30 gramo haxix, marihuana-kopuru txiki bat eta 4.000 euro inguru aurkitu zizkieten.

Atzo arratsaldeko lauak aldera, Bermeoko herrigunean kale jantzian zebiltzan agenteek gizonezko bat ikusi zuten geldi zegoen auto baten ondoan gidariarekin hizketan. Ertzainek identifikatu egin zituzten bi pertsonak, eta zertan ari ziren galdetu zietenean, autoan zegoen gizonezkoak esan zien Mungiara zihoala alabaren bila eta laguna ikustean gelditu egin zela berarekin hitz egiteko.

Poliziek bazekiten bi susmagarriak substantzia sorgorgarrien trafikoan ari zitezkeela, eta droga salerosketa bat izan zitekeela pentsatuz, biak miatu zituzten. Autotik kanpora zegoen gizonezkoaren jaka-poltsikoan 50 gramo kokaina, 30 gramo haxix eta 5 gramo marihuana zituen poltsatxo bat aurkitu zituzten. Autoan zegoen gizonezkoak, berriz, 2.000 euroko billete-sorta bat zuen kiribilduta jakan, drogaren salmentakoa izan zitekeena, eta auto barruan beste 1.800 euro aurkitu zituzten gordetegian eta gerriko poltsa batean banatuta.

Atxilotu egingo zituztela jakitera eman zietenean, gizonezkoetako bat korrika ihes egiten saiatu zen, baina atzetik jarraitu eta ia berehala harrapatu zuten.

Polizia-aurrekariak dituzten atxilotuek 36 eta 39 urte dituzte, eta dagozkion polizia-eginbideak amaitu ondoren eramango dituzte epailearen aurrera.