Kutsadura foko berriak ekiditeko lehendabiziko kamara termikoak instalatu dituzte Donostian

0

Donostiako Udalak lehendabiziko lau kamera termikoak instalatu zituen atzo, hain zuzen ere, COVID19ko kutsadura foku berriak ekiditeko balioko duten kamera termikoak. Eneko Goia alkateak azaldu du, Udaltzaingoaren Morlanseko egoitzan jarri eta frogatu dela lehenengoa, eta hurrengo egunetan ekipamendu guztiak martxan egongo direla. Adierazpenok egin ditu alkateak asteroko ohiko agerraldi birtualean.

Horren harian Goiak honakoa gogorarazi du: “Tresna hauei esker gorputzaren tenperatura kontrolatuko da, eta beraz, errazagoa izango da kasu berriak detektatzea egun hauetan pertsona kopuru handiagoa hartzen duten tokitan, besteak beste, Udaltzaingoaren Morlanseko egoitza, Garberako Suhiltzaileen parkea, edo etxerik gabeko pertsonentzat jarri diren baliabideetan”.

Kamera hauen instalatzearekin Udalak segidako helburua du: “Konfinamendu egun hauetan sentikorrak diren guneak kontrolatzea, eta bertaratzen diren pertsonen tenperatura kontrolatuz, kutsadura berriak identifikatzea foku berriak ekiditeko”.

Aparatuak egunaren edozein ordutan erabili daitezke, Udaltzaingoaren zein Suhiltzaileen agenteen zein egoitzetara joaten diren pertsonen tenperatura kontrolatzeko, baita etxerik gabeko baliabideetan lanean ari diren Gizarte Ekintzako langileen zein baliabide horietako erabiltzaileen tenperatura kontrolatzeko ere.

Ekipamenduak behin betiko instalatuta geldituko dira Udaltzaingoaren zein Suhiltzaileen egoitzetan, eta aldiz, etxerik gabeentzako jarri diren behin-behineko baliabideetan kenduko dira behin egoera amaituta, eta beste zerbitzutara bideratuko dira.