Atzeratu egin da Hezkuntzan ekainaren 20rako aurreikusitako Enplegu Publikorako Eskaintza

0

Gaur eguerdian Olatz Garamendi Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea bideokonferentzia bidez elkartu da hezkuntza sare publikoko irakasleen ordezkari sindikalekin. Bilkura telematikoan, Garamendik langileen ordezkariei jakinarazi die Hezkuntza Sailaren 2020ko Lan Eskaintza Publikorako lehen probaren data atzeratzea erabaki dutela. Lehen proba hori ekainaren 20an burutzea zegoen aurreikusia.

Alarma-egoera luzatu izanaren ondorioz hartu du erabaki hau Hezkuntza Sailak, eta gisa honetako onarpen-prozesu batean mantendu behar den osasun-segurtasuna uneoro bermatu beharrekoa delako. Hezkuntza Sailaren 2020ko Enplegu Publikorako Eskaintzak 1.148 plaza eskaintzen ditu guztira bi kidegotan: Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegorako eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoenerako.

Garamendik eta bere taldeak gogorarazi dute, gainera, lehen proba hori egin aurretik, oraindik egiaztatuta ez duten hautagai guztien hizkuntza-egiaztapena egin behar dela.

Hezkuntza Sailak Enplegu Publikorako Eskaintza hau garatzeko data berriak aztertuko ditu, betiere egungo osasun-krisiaren bilakaeraren arabera, eta sindikatuetako ordezkariekin egingo dituen bileretan eztabaidatuko du.