Bilboko Udalak animoz betetako mezua bidali du

0

Bilboko Udalak animoz betetako mezua helarazi nahi die herritarrei, eta horretarako, «ANIMO BILBAO AURRERA» mezua duen pankarta erraldoia jarri du Udaletxean. Gaur eguerdiko 12:00etatik aurrera, balkoi nagusian dago ikusgai hiri osoa positibotasunez bete nahi duen lema hori, COVID-19 birusak eragindako osasun-krisiaren unerik latzenetan.

Ekimen hau bat dator Juan Mari Aburto Alkateak sare sozialetan argitaratutako bideo batean egin dituen adierazpenekin, izan ere, bertan zioenez, «aste hauetan oso garrantzitsua da animoa ez galtzea, eta honetan ere eredugarriak zarete guztiok». Jarraian, itxaropenez betetako mezu hau gaineratu zuen: “ziur nago berandu baino lehen amesgaizto honetatik aterako garela, lehen baino batuago eta sendoago. Harro nago zuetaz, Bilboz, gure botxo maiteaz. Bilbo aurrera aterako da. Elkarren artean lortuko dugu”.

Era berean, herritarrek iluntzean egin ohi duten txalo zaparradekin bat eginez, Udaletxea urdinez argiztatzen da egunero, osasun-arloko eta arlo sozio-sanitarioko profesionalen lana nahiz osasun-larrialdi honetan atsedenik gabe lan egiten ari diren pertsona guztien ahalegina aldarrikatzeko.

Udalak Hiria positibotasunez betetzeko asmoz abiarazi ditu ekintza horiek guztiak: “bilbotar guzti-guztiok pozaren eta itxaropenaren eramaileak izatea lortu nahi dugu”.