Osalanen Ezohiko Kontseilu Nagusia

0

Gaur, 16:00etan, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak EAEn lan-jarduera baldintza seguruetan abiarazteko jarduera-gida argitaratu ondoren, Osalanek ezohiko Kontseilu Nagusi bat egingo du telematikoki, eta, bertan, erakundeak COVID-19ri aurre egiteko emandako gomendioak jarriko dira mahai gainean.

Sailak egindako gidan, langileen osasuna bermatzeko jardun behar duten eragile guztien eginkizunak eta erantzukizunak jasotzen dira; bestela esanda, enpresaburuek lantokietan ezarri behar dituzten antolakuntzako, taldeko eta banakako prebentzio-neurriak, langileen ordezkarien eta prebentzio-zerbitzuen parte-hartzearekin.

Testuinguru horretan, OSALANen Kontseilu Nagusian, Administrazioak, enpresaburuek eta gizarte-eragileek osatutako hiruko organoan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak osasun-alarma hau hasi zenetik lan-ingurunean prebentzio-neurri egokiak ezartzen laguntzeko egindako jarduerak azalduko dira.

Hala, lan-jarduera mailaz maila hasi denez, Kontseiluan enpresa eta erakundeek OSALANera berrikusteko bidali dituzten prebentzio-planei buruzko egoera azalduko da; lantokietan birusarekiko esposizio-arriskua murrizteko enpresaburuei aholkuak emateko egindako gomendioak aztertuko dira “Lantokietan Covid19ren eraginpean egoteko arriskua murrizteko enpresaburuek jarraitu beharreko urratsak“; jarduera-mota bakoitzera egokitutako prebentzio-fitxa teknikoak, 23 orain arte, hainbat arlotakoak, etxez etxeko zerbitzua, klinikak, optikak, farmaziak, ortopediak, banatzaileak, poliziak edo ehorztetxeak, besteak beste “Koronabirusa prebenitzeko fitxak, jarduera motaren arabera”; edo Osalanek lan-arloan koronabirusaren prebentzioari buruz iritsi zaizkion galdera eta zalantza ohikoenei emandako erantzunak “Koronabirusaren prebentzioari buruzko galdera ohikoenak lan-eremuan”.