Lanbidek bere deialdietara formatu telematikoz sartzeko sistema zuzendu egingo du hurrengoetan

0

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzua jabetzen da bere web-zerbitzariak trabatu egin direla joan den gauerdian, autonomo edo/eta norbanako enpresarientzako  laguntzak eskatzeko epea 00:01ean abian jarri denean. Borja Belandia Lanbideko Zuzendari Nagusiak gaur goizean adierazi du erakundeak zuzendu egingo duela deialdietara sartzeko sistema, “herritarrak eta web-orria bera kinka batean jartzen ez dituen sistema bat” bilatzeko.

Zuzendari Nagusiak aitortu du erabilitako sistema ez dela egokia izan eta, horregatik, “bakarmena eskatzen diet herritarrei”. “Gai izan behar gara formularioak eta baldintzak betetzeko modu normalizatuagoa diseinatzeko”.  Horregatik, ez dugu berriz formatu hau erabiliko.

Azaldu duenez, bi modu daude laguntza horien eskaerak Lanbidera helarazteko: izapidetze elektronikoa eta Lanbideren webgunean berariaz jarritako formulario bat. Lehendabiziko aukerak, aztertzen ari diren arrazoiak direla tarteko, “ez du funtzionatu goizeko 04:00 arte”. Bide horretatik, 1.836 eskaera heldu dira 08:00 arte. “Beste bideak funtzionatu du, eta lehendabiziko orduan mila inguru eskaera jaso ditugu”, gehitu du Belandiak. Goizeko 08:30 arte, guztira 10.000 eskaera inguru jaso dira bi bideetatik.

Lanbidek, orain, eskaera horiek aztertu beharko ditu, baldintzak betetzen dituzten edo ez aztertzeko eta laguntzak esleitzeko.

Partida zabaltzeko aukera aztertzea

3 milioi euroko partida batez, laguntzak azkar banatuko direla aurreikus daiteke. “Orain beste sail batzuekin batera baloratu behar dugu zein diren Jaurlaritzaren lehentasunak, partida horiek ea zabal daitezkeen ikusteko eta, hartara, pertsona gehiagotara heltzeko. Zenbat eskaera heltzen diren ikusi behar dugu, eta gure kontuak atera”, nabarmendu du Borja Belandiak. “Nolanahi ere, partida zabalduko balitz, ez litzateke beste deialdirik hasi behar”.

“Badakigu autonomoak gaizki pasatzen ari direla, eta horregatik jarri genuen martxan neurri hau. Bi eratan egin genezakeen: bata, eskaera guztien artean partida bat banatuz, hartara inoren arazoa konpondu gabe utziz, edo bestela, erabili dugun irizpidea, autonomo batzuei 3.000 euro arteko laguntzak esleituz”.

Egingo den hurrengo deialdia kulturari lotutako pertsonei emango zaizkien laguntzen inguruan izango da, atzo iragarri bezala, eta aurreikusi da hilabete amaieran izango dela eskueran. Belandiak nabarmendu duenez, egokiera horretan “beste sistema bat bilatuko dugu, herritarren artean ondoez hau sor ez dadin”.