Osasun Sailak Osakidetzako profesional guztiei egingo dizkie testak

0

Osasun Sailak Osakidetzako profesional guztiei egingo dizkie test azkarrak. Eremu soziosanitarioko ia langile guztiei probak egin ondoren, Osakidetzako profesionalei testak egiteko faseari ekingo zaio orain, antigorputzak zenbat profesionalek sortu dituzten identifikatzeko eta, era horretara, euren eta pazienteen segurtasuna indartzeko.

Horixe eman du jakitera gaur Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Nekane Murgak, eta azaldu du test azkarrak lehenbizi arrisku berezia duten kolektiboei egingo zaizkiela, hau da, ZIUetako eta larrialdietako pertsonalari edo COVID pazienteak artatzen aritu direnei. Horrez gainera, kirurgietako taldeei eta paziente onkohematologikoak artatzen dituzten unitateetako pertsonalari ere egingo zaizkie. Ondoren, eta pixkanaka, Osakidetzako gainerako profesional guztiei egingo zaizkie, 35.000 pertsonari gutxi gora behera.

Gaurko agerraldian, Nekane Murga sailburuak nabarmendu du gero eta jende eta kolektibo gehiagotara iristeko egiten ari diren ahalegin handia. Atzo ere proba kopuru handia egin zen, 2.999, eta horietatik % 9k eman zuten positibo, orain arteko ehunekorik txikiena izanik. Guztira, 51.274 proba egin dira oraindaino.

Atzo arratsaldeko 20:00ak arte konfirmatutako beste 266 positibo izan dira Euskadin, eta kutsatutakoak, beraz, 12.355 dira guztira. Horietatik 1.076 gure ospitaleetan ingresatuta daude. Lurraldez lurralde:

  • ARABAN, 3.194 kutsatu daude, eta horietatik 174 ospitalean daude.
  • BIZKAIAN, 6.868 lagun daude kutsatuta, eta horietatik 664 ospitalean daude.
  • GIPUZKOAN293 dira positiboak, eta horietatik 238 daude ospitalean.

Nekane Murgaren hitzetan, hildakoen kopurua da gaurkoan ere pandemiaren alderdirik dramatikoena. Atzo beste 28 hildako zenbatu ziren, eta guztira, beraz, 1.020 dira Euskadin hil diren pertsonak. Datu horri kontrajarrita, jada 6.556 dira erabat osatu diren edo alta emanda dauden pertsonak.

Apirilaren 18ko eguneratzea Kasu positibo berriak Pertsona ospitalizatuak Hildako pertsonak Kasu positiboak GUZTIRA
ARABA 38 174 308 3.194
BIZKAIA 201 664 515 6.868
GIPUZKOA 27 238 197 2.293
EUSKADI GUZTIRA 266 1.076 1.020 12.355

 

Era berean, berriz ere behera egin du ospitaleratuen kopuruak, atzo bezperan baino 67 pertsona gutxiagorekin, eta apirilaren 1ean zeudenen % 40 baino gutxiago.

Hain zuzen ere, Nekane Murgak jakitera eman du, zuhurtzia handiz, joera horrek jarraitzen badu, pixkanaka Osakidetzaren jarduera asistentziala berreskuratzen hasiko dela, beti zuhurtzia handiz, normaltasuna berreskuratzen joateko. Prozesu hau arlo asistentzial guztietan planifikatuko da, pixkanaka eta pandemiak datozen asteotan izaten duen bilakaerara eta herritarren premiarik larrienetara egokituta.

Horrela, jada ari dira lanean lehen-mailako arretaren jardueraren, biztanleria bahetzeko programen, kanpoko kontsulten, proba osagarrien eta ebakuntza kirurgikoen esparruan programaziora itzultzeko fasea bideratzeko erreferentzia izango diren gidalerro korporatiboak jasoko dituen planaren garapenean. Aldi berean jada ari dira berreskuratzen zentroetan COVID pazienteak artatzeko erabilitako eremuak, eta, behar bezala garbitu eta desinfektatu ondoren, gainerako pazienteak hartzeko prest egongo dira. Hori bai, zentroek oraindik ere eremu eta zirkuitu espezifikoak izan beharko dituzte COVID pazienteentzat.

Hasieran, larriak diren eta lehentasuna duten kontsultak, probak eta kirurgiak programatuko dira, beti irizpide klinikoei jarraituz. Eta, ondoren, pandemiaren ondorioz bertan behera edo etenda geratu ziren jarduera programatuei ekingo zaie.

Hori guztia epidemiaren portaeraren arabera egingo da, eta ezin da baztertu, beraz, programatutako jarduerak berriz ere atzeratu daitezkeela egoerak okerrera egingo balu. “Lehentasuna osasun-larrialdi hau gainditzea da, eta hartuko diren neurri guztiak helburu horrek baldintzatuko ditu”, adierazi du Osasuneko sailburuak.

Azkenik, behin berriro ere Osakidetzako profesionalen lana goraipatu nahi izan du sailburuak, pandemiaren aurkako borrokaren benetako protagonistak direla-eta. Hain zuzen  ere, kartel baten bidez, non zerbitzu ezberdinetako profesionalak agertzen diren eta esaldi bakarra irakur daitekeen: “eskerrik asko!”.