Babestutako faunaren ustezko pozoitzea

0

Arabako Foru Aldundiak txostena igorri dio Ingurumen Fiskaltzari. Txosten horretan jasotzen da Ingurumen Sailak zein jarduketa gauzatu dituen Arratzua-Ubarrundia eta Gasteiz inguruetan ustez pozoituta hil diren animaliak agertu ostean eta legez kanpoko pozoiak zituzten jakiak topatu eta gero.

Lehen animalia hilik agertu zenetik, Arabako Foru Aldundia -basozaintza zerbitzuaren eta Natura Ondarearen Zerbitzuaren bidez- gertakarien ikerketan parte hartzen ari da, Ertzaintzarekin eta Gasteizko Udaltzaingoarekin batera. Era berean, aurkitutako animalien eta jakien gorpuzkiak Aldundiaren Martiodako Faunaren Suspertegira eraman dituzte, eta hura animalien nekropsiak egiten ari da heriotzen arrazoia egiaztatzeko, eta zalantzazko kasuen eta jakien laginak IREC-CSIko laborategi espezializatura bidaliko ditu, berresteko.

Laborategi horrek emango ditu behin betiko emaitzak, baina martxoaren 30etik animalia kopuru handia agertu da hilik, ustez pozoituta, eta horien artean, desagertzeko arriskuan dauden hainbat espezie daude, esaterako, miru gorriak, eta baita babestutako beste animalia batzuk ere, esate baterako, sai arrea edo sai zuria.

Horiek horrela, Ingurumen Saileko diputatu Josean Galerak kezka agertu du gertakari larri horiek direla eta, eta egileei gogorarazi die Zigor Kodean zigor gogorrak jasotzen direla era horretako delituetarako. Izan ere, Zigor Kodean jasotakoaren arabera, espetxe-zigorrei eta isun ekonomiko handiei aurre egin beharko liekete.

Galerak gogorarazi du Arabako Foru Aldundia prest dagoela Ingurumen Fiskaltzarekin elkarlanean aritzeko gertakarien ikerketan: «Eskura ditugun baliabide guztiak jarriko ditugu ikerketa honetan laguntzeko, gertakari larri hauen erruduna aurkitu ahal izateko».