Hezkuntza Sailak matrikulazio eta irakasleen birbaremazio prozedurak ireki ditu berriro

0

Gobernu Kontseiluak gaur eguerdian erabaki du Hezkuntza Sailari lotutako administrazio-prozedura batzuk berriro irekitzea, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua onartu ondoren bertan behera gelditu baitziren.

Errege Dekretu horrek, besteak beste, sektore publikoko erakundeetan prozedurak izapidetzeko epeak etetea ezartzen zuen, eta epe horien zenbaketa geroago hasiko zela adierazten zuen.

Hala ere, aurrerago, beste Errege Dekretu batek honako hau adierazten zuen: «Aipaturiko Errege Dekretu horrek edo, hala badagokio, haren luzapenek indarra galtzen duten unean, sektore publikoko erakundeek erabaki ahal izango dute, arrazoituta, interes orokorra babesteko edo zerbitzuen oinarrizko funtzionamendurako ezinbestekoak diren administrazio-prozedurekin jarraitzea».

Onarpen eta matrikula prozedura 

Arau hori aintzat hartuta, gaur goizean Gobernu Kontseiluak baimena eman du Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ikasleak onartzeko prozesuarekin jarraitzeko. 

Ondorioz, eskabideak aurkezteko egutegi komuna eta onarpen-epeak honela aldatzea proposatzen da:

  • Eskabideak eta egiaztagiriak entregatzea: urtarrilaren 27tik otsailaren 7ra.
  • Eskatzaileen zerrenda argitaratzea: otsailaren 25a.
  • Behin-behineko zerrenden argitalpena: martxoaren 17a.
  • Behin-behineko zerrenden erreklamazioak: martxoaren 25era arte. Epe berria: maiatzaren 6ra arte.
  • Eskaeran atzera egitea: martxoaren 25era arte. Epe berria: maiatzaren 6ra arte.
  • Behin betiko zerrenden argitalpena: martxoak 31. Epe berria: maiatzaren 12a.
  • lurralde-ordezkariek esleitutako plazen zerrendak argitaratzea: apirilak 21. Epe berria: maiatzaren 15a.
  • Ordezkariek esleitutako lanpostuei uko egitea: maiatzaren 5era arte. Epe berria: maiatzaren 19ra arte.
  • Behin betiko zerrendei jarritako gora jotzeko errekurtsoak: apirilaren 30era arte. Epe berria: ekainaren 12ra arte.

Birbaremazio-prozedura 

Era berean, eta arrazoi berberak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak baimena eman du unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako ordezkapenetarako hautagaien zerrendaren urteko birbaremazio-prozedurarekin jarraitzeko.

Prozedura hau apirilaren 30ean hasiko da berriro, eta maiatzaren 14an amaituko da. Epe horretan, ordezkapenetarako izangaiek beren aukeretan aldaketak egin, merezimendu berriak aurkeztu edo egoki iritzitako alegazioak edo erreklamazioak egin ahal izango dituzte, hautagai-fitxa ikusita. Birbaremazio-prozesua bide telematikoz egingo da.