480.000 euro hezkuntza-bikaintasunera zuzendutako prestakuntza-proiektuetarako

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2020-2021 ikasturtean hezkuntza-bikaintasunera zuzendutako prestakuntza-proiektuak martxan jartzeko itunpeko ikastetxeak eta Hezkuntza  Sailaren menpe ez dauden unibertsitatez kanpoko titularitate publikoko ikastetxeak (Lanbide Heziketako zikloetakoak izan ezik) deitzen dituen Agindua. Deialdi honek 480.000 euroko diru-kopurua dauka.

Ikastetxea zein irakaslea funtsezko eragileak dira irakatsi eta ikasteko prozesuan,  parte aktiboa izan behar dute hobetzeko prozesuan, eta etengabeko hausnarketan aritu. Horregatik, deialdi honek proposatzen du prestakuntza eta berrikuntza-jarduerak nahiz proiektuak ikastetxeetatik beraietatik eta haien premietatik abiatu beharrekoak direla. Horrela, soluzioak ikastetxean bertan aplika daitezke, eragin onuragarria eta neurgarria izan dezaten. Ikastetxe jakin baten barruko bikaintasun-proiektuek eta esperientziek eragin handiagoa dute, irakasleei, gainerako langileei eta ikasle guztiei eragiten baitie.

Ikastetxeek deialdi honetara aurkezten dituzten proiektuek, jarraian zehaztuko diren hezkuntza-bikaintasunerako prestakuntza-proiektu motaren baten barnean kokatuak egon beharko dute:

-Berrikuntza-proiektu integralak eta curriculuma aberasteko proiektuak: berrikuntza-proiektu integralek prestakuntza-jarduerak proposatzeko eta zentroaren hezkuntza-ereduaren gainean hausnartzeko aukera ematen diete ikastetxeei, irakaskuntza-ikaskuntza  prozesuan  beharrezko  hobekuntzak  sartzeko, konpetentziak eskuratzean oinarritutako ikuspegitik. Proiektu hauen iraupena bi edo hiru ikasturtekoa izango da. Prestakuntza modalitate honetarako 130.000 euro bideratzen dira, deialdiaren barnean.

-Curriculuma aberasteko proiektuak: curriculuma aberasteko proiektutzat hartzen dira, ikasgelan metodologia aktiboak ezartzen dituztenak, eta ikasle guztiak artatu eta aberasteko jarduerak ezartzen dituztenak, betiere ikasleen ikasketarako motibazioa piztea helburu izanik. Proiektu hauek eskolaz kanpoko jarduerak ere har ditzakete. Prestakuntza modalitate honetarako 54.000 euro bideratzen dira.

-Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak: proiektu hauek, zeharkako gaitasunak lortzeko irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren inguruan prestakuntza-jarduerak proposatzeko aukera ematen diete ikastetxeei,  eta  era  berean,  aukera  eskaintzen diete ikasleek eskuratutako jakintzak praktikan jartzeko eta gaitasunetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspegitik edukirik esanguratsuenak hautatzeko egoera-arazoak aztertzeko. Proiektu hauek aintzat hartu beharko dute ikastetxearen hobekuntza globala. 296.000 euro bideratuko dira proiektu hauetarako, deialdiak duen kopuru osotik.

2019-2020 ikasturte honetan, hezkuntza-bikaintasunerako 106 prestakuntza-proiektuk jaso dute dirulaguntza –hiru mota horietakoren batean- iazko deialdian haiek aurkeztu zituzten ikastetxeetan garatu ahal izateko.