Kimikako Espainiako Errege Sozietateak David Mecerreyes saritu du

0

Kimikako Espainiako Errege Sozietatearen sarien epaimahaiak, 2020ko edizioan, Ikerketa Bikaintasunaren Saria eman dio David Mecerreyes BERC POLYMATeko eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerbasque irakasle ikertzaile donostiarrari. Kimikako Espainiako Errege Sozietateak, halaber, Cristina Nevado Blázquez (Zuricheko Unibertsitatea), Arian W. Kleij (Kimika Ikerketako Kataluniako Institutua) eta Daniel Maspoch Comamala (Nanozientzia eta Nanoteknologiako Kataluniako Institutua) ikertzaileen ibilbidea ere saritu du.

“Saria eman zidatela jakin nuenean –diosku David Mecerreyesek–, aurrena, harridura sentitu nuen, eta, ondoren, poz handia, eta esker ona nire taldekideekin eta POLYMATeko kolaboratzaileekin, urte hauetan guztietan gogor egin baitute lan.  Sari honek ilusio berezia egin digu, egungo egoera kontuan hartuta. Gainera, Donostiako UPV/EHUn polimeroen gainean egiten ari den ikerketaren bikaintasunaren seinale da”.

David Mecerreyesek Liejako Unibertsitatean (Belgika) egin zuen Polimeroen Kimikako doktoregoa. Doktorego ostean Kaliforniako IBM Almaden Reseach Centerren eta Stanford Unibertsitatean (Kalifornia) egonaldia egin eta gero, Miramongo CIDETEC teknologia zentroan hasi zen lanean. Hamar urte egin zituen bertan, enpresa ehunari lotuta. 2011n, Euskal Herriko Unibertsitatearen POLYMAT ikerketa institutuan sartu zen, Ikerbasque irakasle ikertzaile gisa aritzeko. Gaur egun POLYMATeko zuzendariorde zientifikoa da, eta polimero berritzaileen taldea koordinatzen du (30 kidez osatutako ikerketa taldea). 2011n, ERC starting-grant bat jaso zuen, baterientzako polimero berritzaileak garatzeko. Energia, bioelektronika eta ingurumen arloetarako polimeroen sintesia du ikergai. 290 artikulu zientifiko baino gehiagoren eta 10 patenteren egilekidea da, eta bere ikerlanek eragin handia dute nazioartean. POLYKEY start-up sortu berriaren sustatzaileetako bat da.