Irunen bi gizonezko atxilotu dituzte droga edukitzeagatik

0

Ertzainek 35 eta 47 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten atzo arratsaldean Irunen, drogarekin trafikatzea leporatuta. Agenteek kalean atzeman zituztenean 200 bat gramo haxix eta marihuana zeramatzaten.

Atzo arratsaldeko zortzi eta erdiak aldera, Irunen delituen prebentziorako lanetan ari zen Ertzaintzaren herritarren babeserako patruila batek bi gizon ikusi zituen banku batean eserita zerbait jaten.

Bi gizonak konfinamendua urratzen ari zitezkeela pentsatuta, agenteak haiengana hurbildu ziren identifikatzeko asmoz, eta bertan zer egiten zuten galdetu zieten. Bi gizonezkoek ez zuten azalpen sinesgarririk ematen jakin.

Ertzainek miatu egin zituzten, eta bati bi haxix-zati, guztira 200 bat gramo, labana bat, bi telefono mugikor eta 1.300 eurotik gora aurkitu zizkioten. Besteari, berriz, telefono mugikor bat eta marihuana-kukulu bat aurkitu zizkioten.

Atzemandako droga sorgorgarrien trafikorako zela eta dirua salmentan lortutakoa zela pentsatuta, bi gizonak atxilotu zituzten droga-trafikoa leporatuta, eta polizia-egoitzara eraman zituzten.

Bi atxilotuek polizia-aurrekariak dituzte, eta gaur goizean eraman dituzte Irungo Guardiako Epaitegiko epailearen aurrera.