Barakaldoko Udalak ez du San Juan suak egiteko baimenik emango

0

Ekainaren 23ko arratsean ez da San Juan surik izango Barakaldon. Gaur goizean iragarri du udal barakaldarrak ez duela baimenduko herritarren segurtasuna bermatzerik ez duen jarduera bat bera ere.  Covid-19ak eragindako osasun-krisiak eraman du toki-erakundea zuhurtziaz jokatzera, eta ondorioz, herritarren osasuna ororen gainetik jartzera. «Ezin ahaztu dugu nondik gatozen. Barakaldoko hurbileko historiaren pasarte gogorrenetako bat bizitu dugu, herritar asko gaixotu baita, eta beste asko zendu. Ez dago lasaitzerik, beraz; eta ezin ditugu gaixotasunaren balizko gorakadak eragin ditzaketen ekintzak bultzatu ere. Herritarren osasuna lehenetsi behar dugu», adierazi du alkate Amaia del Campok.

San Juan gauaren tradizioa oso sustraitua dago auzo barakaldarretan: auzo eta kultur elkarteek urtero antolatzen dituzte suak eta urteko gaurik laburrena ospatzeko jai jarduerak.  Baina, Covid-19ak hankaz gora jarri ditu gure ohiturak, eta batez ere jende ugari pilatzen dutenak, horietan erraza baita birusa hedatzea.  Horrela, bada, eta zail denez San Juanetarako eta haren gisakoetarako antolatzen diren jardueretan urruntze soziala eta jende pilaketak saihestea, aurten ez da San Juan surik izango hirian.

«Ziur bagaude ez dagoela oraindik Karmenak ospatzeko baldintzarik, are ziurrago, ez dagoela San Juan suak edo jendea pilatzen duten jarduerak ospatzekorik ere, ez baita jende arteko distantziak gordeko direla ziurtatzerik», azpimarratu du alkateak.