Bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako jarduerak burutzeko 930.000 euro bideratu ditu Hezkuntza sailak

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako jarduerak burutzeko dirulaguntzatarako deialdia egiten duen Agindua. Deialdi honek 930.000 euroko diru-kopurua du.

Deialdi honek bizialdi osoko ikaskuntzako hiru jarduera mota laguntzen ditu diruz. Jarduera horiek ezagutzaren edozein arlotakoak izan daitezke, betiere helduen ezagutza, konpetentzia eta gaitasun-maila zabaltzeko eta herritartasun aktiboa sustatzeko helburuz:

  • Prestakuntza-jarduera espezifikoak, pertsona talde jakin baten prestakuntza-beharrei erantzuteko diseinatu eta planifikatutakoak (175.000 €).
  • Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak (595.000 €).
  • Prestakuntzako edo hezkuntzako metodologia berrien esperimentazioari buruzko proiektuak; ezagutzaren belaunaldi arteko transferentziari buruzkoak, prestakuntza hurbiltzeko eta ikastea sustatzeko trabak baztertzeari buruzkoak, edota bizialdi osoko ikaskuntzarekin lotutako beste edozein (160.000 €).

Onartuak gertatzen diren proiektuek, eta ondorioz deialdi honen bidezko finantzazioa eskuratzen dutenek, 2020an zehar hasi beharko dute, eta datorren urteko uztailaren amaiera bitartean garatu ahal izango dira. Diru-laguntza hauen onuradun izan daitezke: Lanbide Heziketako ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxe pribatuak; udalak; tokiko edo eskualdeko garapen agentziak; euren helburu sozialen artean formazioa duten udal-elkargoak; Euskadin egoitza duten unibertsitateak; bizialdi osoko ikaskuntzaren arloan jarduerak burutzen dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteak; eta euren helburuen artean formazioa duten merkataritza-elkarteak edo ekonomia sozialeko elkarteak.

Bizialdi osoko ikaskuntzaren esparruko jardueren eskaintza zabal eta eguneratua izateak aukera ematen die herritarrei ezagutzak lantzeko eta zabaltzeko. Baina horrez gain, baita ezagutzak eguneratzeko eta gaitasun profesionalak hobetzeko ere. Era horretan, enplegagarritasuna hobetzeko eta ongizate sozial zein ekonomikoan aurrera egiteko bideak ere zabaltzen zaizkio gizarteari.