Lanbidek Zallako bulegoa José Etxezarraga kalera eramango du

0

Zallako José Etxezarraga kaleko 1b zenbakian dauden bi lokal erosteko baimena eman du Gobernu Kontseiluak; lokalak elkarren ondoan daude, eta 354 metro koadro inguruko azalera erabilgarria dute biek batera. Bertan, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulego berria egongo da. Bulego hori egungoaren ordez irekiko du eta, horrela, zerbitzu hobea eman ahalko die herritarrei eta, ondorioz, irisgarritasuna hobetu. Erosketa 290.000 eurokoa izango da.

Zallako gaur egungo bulegoa Euskadi plazako 1 zenbakian dago, lehengo udaletxearen eraikinean; 90 metro koadroko azalera erabilgarria du beheko solairuan eta 188 metro koadrokoa, lehen solairuan. Lokal hori doan laga zuen Zallako Udalak, 1993an, enplegu-bulego izateko. Eraikinaren ezaugarriek eta bulegoaren konfigurazioak berak muga garrantzitsuak dakartzate, batetik, espazio aldetik, eta, bestetik, goiko solairura igotzeko irisgarritasunaren aldetik; izan ere, lokaletik kanpo dagoen eta udal-liburutegiarekin partekatzen den igogailua erabili behar da horretarako.

Higiezin horren mugak direla eta, udalerrian beste bulego bat bilatu behar da, Euskal Enplegu Zerbitzua egoki emateko beharrezkoak diren estandarrak betetzen dituena. Horretarako, Lanbidek zenbait higiezin aztertu ditu, eta, haietatik, José Etxezarraga kalean dauden lokalak aukerarik onena direla uste du, espazioa, kokapena eta irisgarritasuna –kalean bertan– aintzat hartuta.

Orain, Lanbidek proiektua abian jarriko du, eta bulego berria 15 eta 18 hil bitarteko epean erabilgarri eta aktibo egotea aurreikusten da.