COVID-19aren transmisioa prebenitzeko osasun-zentroetan hartu behar diren segurtasun-neurriak

0

Osakidetzak herritarrei gogorarazi nahi die Lehen Mailako Arretaren sareko osasun-zentro batean laguntza behar izanez gero hartu behar diren segurtasun-neurriak zein diren. Neurri horien bidez, paziente eta osasun-profesionalen artean COVID-19a transmititzeko arriskuak ekidin nahi dira.

  • Osasun-zentrora bertara joan aurretik, deitu egin behar da.
  • Kontsulta presentzialerako, aurretiko hitzordua beharko da, eta, ahal den neurrian, bakarrik joan beharko da. Adingabe edo laguntza behar duten pertsonen kasuan, hobe da pertsona bakarra joatea berekin.
  • Une oro erabili behar da maskara, ondo jarrita, eta bi metroko distantzia gorde beharko da. Ez da komeni eskularruak erabiltzea; alkohola-gela emango da, eskuen garbiketa eraginkorra izateko.
  • Komeni da hitzordura sasoiz heltzea, ahal den neurrian beste erabiltzaile batzuekin kontakturik egon ez dadin. Bi metroko distantzia gorde behar da une oro.
  • Profesionalak joan behar badu pazientearen etxera, maskararen erabilera, kasu horretan ere, derrigorra izango da.
  • Hitzordu presentzial programatu baten aurretik pazienteak COVIDarekin bateragarriak diren sintomak antzematen baditu –besteak beste eztula, sukarra edo arnasa hartzeko zailtasunak–, telefonoz deitu beharko du berriz osasun-zentroa, balora dezaten.

Gainera, gogorarazi behar da paziente eta profesionalen segurtasuna bermatzeko, osasun-zentroak berregituratu egin direla; hala, COVIDaren inguruko pazienteentzako eta COVIDaren ingurukoak ez diren pazienteentzako zirkutu bereiziak dituzte. Haietako bakoitzari, gainera, ordutegi-tarte desberdinetan ematen zaie arreta.