Iaz hizkuntza eskubideen urraketekin loturiko 194 intzidentzia erregistratu ziren

0

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak gaurko Gobernu Kontseiluan aurkeztu du Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren 2019ko memoria. Datu horien arabera, iaz hizkuntza eskubideen urraketekin loturiko 194 intzidentzia erregistratu ziren, aurreko urtean baino 51 gutxiago (2018an 245 izan ziren). Intzidentzia horiek, horrela banatu ziren: 168 kexak izan ziren; 16 intzidentzia ez ziren onartu; 8 kontsulta egin ziren; eta 2 iradokizun jaso ziren. Helarazitako 168 kexa horietatik 164tan (% 98) euskal hiztunek nozitu zuten eskubide-urraketa; eta, 4 kasutan, gaztelaniazkoek. Kexen % 87 (146 kexa) esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak dira, eta % 13 (22 kexa) esparru pribatuari dagozkio.

Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua 2007an jarri zen abian eta helburua da hala eskatzen duten herritarrei beren hizkuntza-eskubideak babesten laguntzea, informazioa eta aholkularitza eskainiz. Iazko intzidentzia kopurua baxuena da zerbitzua sortu zenetik; jaitsiera, gainera, nabarmena izan da aurreko urteekin alderatuta.

  1. urtean Elebiden aurkeztu ziren 194 intzidentzietatik 16 ez ziren onartu. Hau da, intzidentziak aztertu egin ziren, baina, kexaren zioa sakon ikertu ondoren, Elebidek ondorioztatu zuen ez zegoela oinarri juridikorik intzidentzia izapidetzeko edo intzidentzia Elebideren eskumenetik kanpo geratzen zela. Kontuan izan behar da Elebidek bakar-bakarrik izapidetzen dituela araudian jasotzen diren kasuekin bat datozen kexak. Gainerako 178 intzidentziak Elebideko prozedurari jarraituz izapidetu dira.

Izapidetu ziren intzidentzien % 94  kexak izan dira (168); gainerako intzidentziak honela banatzen dira: 8 kontsulta eta 2 iradokizun. Oro har, kexa horietako gehienak lau multzo nagusitan sailka daitezke:

  • Ahozko harremanetan izaten direnak.
  • Idatzizko harremanetan gertatzen diren urraketak.
  • Hizkuntza-paisaian antzeman daitezkeenak (errotuluak, seinaleak…).
  • Internet eta sare sozialetan ikus daitezkeenak.

Ahozko harremanei dagokienez, 64 kexa jaso ziren; horietan herritarrek nagusiki adierazi zuten euskaraz artatuak izateko eskubidea urratu zitzaiela.  Idatzizko harremanei erreparatzen bazaie, 57 kexa jaso ziren, kasu gehienetan salatzeko erakundeek gaztelania bakarrik erabili zutela herritarrekiko harremanetan.  Era berean, bost kasutan salatu zuten hizkuntza eskubideak, bietara, ahoz zein idatziz urratu zirela. Hizkuntza-paisaiarekin loturiko kexak 23 izan ziren. Kexa horiek bideetan eta jendaurrean gaztelaniaz soilik jarritako kartelei, trafiko seinaleei eta kale zein laneko seinaleei egiten zieten erreferentzia gehienbat.  Lau kasutan salatu zen erakunderen batek urraketa egin zuela, bai herritarrekiko harremanetan bai hizkuntza-paisaian. Azkenik, Internet eta sare sozialetan gertaturiko arau urraketak 15 izan ziren, 2018. urtean baino 21 gutxiago.

Zein hizkuntzatan

Ohi bezala, urraketa gehien-gehienak euskal hiztunekiko gertatu ziren. Izapidetutako 168 kexetatik 164tan euskal hiztunek nozitu zuten eskubide-urraketa; eta, 4 kasutan, gaztelaniazkoek. Gaztelaniazko lau kexa horiei dagokienez, bi kexa jarri ziren bi erakunde publikoren web orrialdeetako eduki batzuk euskaraz soilik zeudelako; kexa bat udal batek kartel bat euskaraz soilik jarri zuelako; eta beste bat, Euskotrenek bozgorailuetatik euskaraz bakarrik helarazi zituelako mezu batzuk.

  1. urtean zehar Elebidera jo zuten herritarren % 96k (186) euskara erabili zuten zerbitzu honekin harremanetan jartzeko; eta beste % 4k (8), gaztelania.

Kexak esparru publikoan

Kexen % 87 (146 kexa) esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak dira, eta % 13 (22 kexa) esparru pribatuari dagozkio. Esparru publikoan jasotakoak horrela banatzen dira:

  1. Aurkeztutako kexen % 57 EAEko Administrazio Orokorrari (Eusko Jaurlaritza eta EAEko sektore publikoa: Osakidetza, UPV/EHU, Lanbide…) zuzendu zitzaizkion. 2018. urtearekin alderatuta, 24 kexa gehiago jaso zituen EAEko Administrazio Orokorrak (2019an 83 jaso zituen, eta 2018an 59 izan ziren).
  2. Foru aldundien kontra aurkeztutako kexen kasuan, 2019an zehar jaso ziren kexen kopurua jaitsi egin da, 2018arekin konparatuz gero (7 kexa zuzendu zitzaizkien 2019an, 2018an baino 6 gutxiago). Jaitsiera hau Bizkaiko Foru Aldundian gauzatu da: kexak 2018an 11 izatetik, 2019an 3 izatera pasatu baitira. Gipuzkoako Foru Aldundian, ordea, kexa kopurua igo egin da: kexa bat izatetik, 3 izatera pasatu da. Arabako Foru Aldundiari dagokionez, kexa kopurua mantendu egin da: kexa bat, hain zuzen.
  3. Toki administrazioei dagokienez, 2019an zehar jaso ziren kexen kopurua jaitsi da 2018koen aldean (39 kexa jaso ziren; iaz baino 19 gutxiago). Lurralde historikoen arabera aztertuz gero, guztietan jaitsi da kexa kopurua.
  4. Estatuko Administrazio Orokorra eta haren menpeko erakundeei dagokienez ere, kexa kopurua jaitsi egin da 2018koen aldean (17 kexa izatetik, 14 izatera pasatu dira 2019an).
  5. Administrazio bat baino gehiagoren partaidetzapeko 3 entitatek kexa jaso zuten (Bilboko Euskal Museoa, Zero Plastiko Urdaibai eta Metro Bilbao); beraz, pasa den urtean baino 6 kexa gutxiago:

Esparru pribatuan

  1. urtean Elebidek tramitatu zituen 168 kexen artean 22 esparru pribatuari dagozkio (betiere arlo horietan Dekretu edo Legeren bat badago hizkuntza eskubideak betearazteko); pasa den urtearen aldean, 11 gutxiago. Esparru horretan, jarduera profesionalei lotutako erakunde eta enpresak daude, eta irabazi asmorik gabeko erakunde zein elkarteak. Urraketak honako arlo hauetan gertatu ziren:
  • Zerbitzu unibertsaletan eta interes orokorreko zerbitzuetan.
  • Finantza eta aseguruetan.
  • Merkataritzan
  • Osasungintzan
  • Kultura eta aisialdian.

Kexak onartzeko kontuan izan zen arlo pribatuko hizkuntza-eskubideak bermatze aldera argitaratu ziren abenduaren 22ko 6/2003 Legea –Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena– eta uztailaren 1eko 123/2008 Dekretua –Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretua–, horietan ezartzen baita zein erakunde edo enpresa dauden legez behartuta eta zein hizkuntza-eskubide bermatu behar dituzten.

Inzidentzien emaitzak

Elebidek izapidetutako 178 intzidentzietatik, 165 itxita zeuden 2020ko martxoaren 31rako. Aldiz, 13 intzidentzia itxi gabe daude eta euren bidea egingo dute 2020an. Kexen kasuan, 155 kexa daude itxita, eta Elebide izapidetzen ari da gainerako 13ak. Kontsulten kasuan, jasotako 8ak itxita zeuden urte amaieran; izan ere, Elebidek kontsulta bat jasotzen duenean, hori aztertu eta informazio gehigarria eskuratzen du, halakorik behar izanez gero. Azkenik, izapidetutako 2 iradokizunei dagokienez, 2ak itxita daude.

Elebide Zerbitzura zuzendu ziren intzidentzien % 71 (138 intzidentzia) gizonezkoek aurkeztu zituzten, eta % 25 (48 intzidentzia) emakumezkoek. Gainerako intzidentziak (8 intzidentzia) erakunde publikoek zein pribatuek aurkeztu zituzten Hala ere, kontuan hartuta zenbait herritarrek intzidentzia bat baino gehiago aurkezten dutela urtean zehar, banakako pertsonei erreparatuz, ikusten da gizonen eta emakumezkoen arteko aldea ez dela hain nabarmena: gizonezkoak % 59 (75 gizon ezberdin), emakumezkoak % 35 (44 emakume ezberdin) eta erakundeak % 6 (8 erakunde).