‘Euskararen jabekuntza, kudeaketa eta hizkuntza-praktikak XXI. mendean’ masterra antolatzeko 46.000 euroko diru-laguntza

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Eusko Jaurlaritzak 46.000 euroko diru-laguntza onartu du Euskal Herriko Unibertsitatearentzat (UPV/EHU), ‘Euskararen jabekuntza, kudeaketa eta hizkuntza-praktikak XXI. mendean’ masterra abian jartzen laguntzeko. Diru-laguntza honi esker, ‘Haur eta gazte literatura eskolan’ ikastaro osagarria ere antolatuko da.

Masterra UPV/EHUk antolatu du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin elkarlanean, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren bitartez. Masterrak bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, euskararen esparruan lanean eta ikerketan sakondu nahiko lukeen ikasleak prestatzea; bestetik, euskarari lotutako esparruetan dabiltzan profesionalentzako formazio osagarria ere izatea. Masterrak formatu erdi-presentziala izango du: ostiral arratsalde eta larunbat goizetan izango dira eskolak, bi asterik behin, Eibarko EHUko Ingeniaritza Eskolan. Ikasleek aukeratutako eremuan praktikak egiteko aukera ere izango dute.

Masterrari esker, ikasleek honako gaitasun hauek bereganatuko dituzte: hizkuntzak biziberritzeko giltzarri diren faktoreez jabetuko dira; hizkuntza-planifikazio eta ebaluaziorako dauden tresnak erabiltzen ikasiko dute; euskararen kudeaketa, kudeaketa aurreratuan txertatzen ikasiko dute; eremu ez-formalean euskararen sustapenerako eraginkorrak diren estrategia eta esperientziak ezagutuko dituzte; enpresetako euskara planak diseinatzen ikasiko dute; bigarren hizkuntzak ikasteko eta irakasteko metodologiak ezagutuko dituzte.

‘Euskararen Jabekuntza, Kudeaketa eta Hizkuntza-praktikak XXI. mendean’ berezko masterra, lau aditu-tituluren batura da, eta master amaierako lana egin beharko da (60 ECTS + master amaierako Lana 12 ECTS).

‘Haur eta gazte literatura eskolan’ ikastaroa UPV/EHUk antolatu du Galtzagorri Elkartearekin eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin elkarlanean. Ikastaro honen helburua da parte hartzen dutenak (irakasleak, magisteritza ikasleak…) prestatzea, hezkuntza arloan irakurzaletasuna bultzatzeko ezagutza eta bitartekoak eduki ditzaten.