Zarauzko moila konpontzeko obrak amaitzear daude

0

Joan den otsaila hasierako denboraleak zulo bat eragin zuen dagoeneko oso hondatua zegoen Zarauzko portuko babes-hormaren puntu ahuldu batean. Ordutik, Udala lanean egon da herriko altxorrik kuttunenetako bat berreskuratzeko.

Xabier Txurruka (EAJ-PNV) Zarauzko alkatearen esanetan, «6 hilabete eskas igaro dira eta laster, berriro ere, gure portuaz gozatzeko aukera izango dugu. Azken erremateak falta dira; zehazki, baranda eta eskailera berriak jarri eta ontziak lotzeko kateak eta sokak berriro jartzea”.

Lanak burutzen ari diren bitartean, Udalak aukera aprobetxatu nahi izan du moila berritzeko beste lan batzuk egiteko. Hala, Harri Construcciones y Mampostería S.L. enpresari eskatu zaio tranpolin zaharra ordezteko, olatuek kalte handiak eragin baitzizkioten. Igeltserotzako eta hargintzako lan osagarriak ere egiten ari dira.

«Azken fase hau amaitzeko, barandak eta petrilak osorik margotuko ditugu. Oso pozik gaude Harri Construcciones y Mampostería enpresak egindako lanarekin, Esteyco ingeniaritza eta arkitektura aholkularitzaren zuzendaritzapean. Emaitza bistan dago. Berreraikuntzaren emaitzarekin herritarrak pozik daudela adierazi digute ere. Abuztuaren erdialdean portua irekitzea espero dugu, zarauztarren gozamenerako» dio Txurrukak.