Kulturaren arloan publikoak sortu, fidelizatu eta areagotzeko partida

0

200.000 euroko partida onartu du Eusko Jaurlaritzak bere gaurko bileran, kultur publiko berriak sortzeko deialdia abian jartzeko. Laguntza-lerro honen helburua da publiko kulturala sortu, fidelizatu eta areagotzeko ekimenak bultzatzea.

Laguntza-lerro honek kultur politikak urrats bat harago eraman nahi ditu, kultur kontsumoaren esparruan ere arreta jarriz eta publikoak sortzea, fidelizatzea eta areagotzea bultzatuz. Helburua da kultur sorkuntzaren eta publikoaren artean dauden oztopoak gainditzeko lan egitea.

Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kultur publikoak sortu, fidelizatu eta zabaltzeko orduan bide eraginkor berriak proposatzen dituzten eragileen ekimenak babestuko ditu. Iaz, Gobernu Kontseiluan aurkeztu zen 19/22 Kultura Planak euskal kulturaren ikusgarritasuna handitzeko beharra jaso du, eta publiko berrien sorreran arreta finkatzeko beharra azpimarratu du. Hala, planaren arabera, Euskadin sortutako kulturarekiko interesa, ezagutza eta aitortza areagotzea Eusko Jaurlaritzaren kultur politiken gakoetako bat da –are gehiago euskaraz sortutakoaren kasuan–. Ondoioz, Eusko Jaurlaritzaren Plan honek azpimarratzen du beharrezkoa dela publiko berriak erakartzeko eta fidelizatzeko estrategiak sartzea sektoreko elkarte profesional guztien jardueretan.