Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuaren bileran izan da Urkullu

0

Lehendakaria buru izan da gaur arratsaldean Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuaren bileran, Lehendakaritzaren egoitzan. Batzar horretan, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Etxepare Institutuko zuzendariak erakunde horren azken 12 hilabeteetako jarduera errepasatu dute, arreta berezia jarriz Scotland Goes Basque proiektuaren balantzean eta Covid 19ren ondorioei aurre egiteko ezarri diren neurrietan.

Urkullu Lehendakariak azpimarratu du 2019a urte garrantzitsua izan zela Etxepare Institutuarentzat, Scotland Goes Basque proiektuak bidea markatu baitzuen datozen urteotarako. «Duela hamarkada bat sortu zenetik, Etxeparek euskal sortzaileen talentua mundu osoan zehar eraman du. Kultura gure herrialdeko aurkezpen-gutunik onena bihurtu du, eta sortzaileak gure enbaxadorerik onenak. Iaz, Etxeparek erronka berri bat gehitu zuen: herrialde bat hautatu eta euskal kulturaren erakusleiho bihurtu bolada batez. Ekimen hau nazioartekotzeko Euskadi-Basque Country estrategiarekin bat etorriz bultzatuko dugu «, adierazi du.

Hala, Lehendakariak esperientzia horren balantze oso positiboa egin du: «Euskal sortzaileak punta-puntako artistekin batera aritu ziren. Eta ikusi genuen maila handia eskaini zutela erreferentziazko testuinguru batean. Oso esperientzia aberasgarria izan zen eta Eskozian ikasitakoa bueltan ekarri dute. Gainera, munduan sona handia duten Eskoziako jaialdiak gure herriaren eta kulturaren erakusleiho bilakatu genituen».

Lehendakariak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzaren helburua zela 2020an Quebecek Eskoziaren lekukoa hartzea, baina Covid-19aren hedapenak eragotzi egin duela aukera hori. Horren aurrean, Urkullu Lehendakariak azpimarratu du Etxepare lan handia egiten ari dela 2020rako lotuta zuen programazioa epe laburrean berreskuratzeko eta lan asko eginda lortutako konpromisoak ez galtzeko.

Era berean, Irene Larraza Etxepareko zuzendariak esan du irakaskuntza arloan euskara eta euskal kultura mundu osoan ikasten duten ikasleei alternatibak eskaintzen ari zaizkiela. Etxepare Euskal Institutuak bi irakaskuntza sare ditu: mundu osoko unibertsitateen bidez eskainitakoa (35 irakurletza eta 9 katedra) eta Euskara Munduan programa (80 euskal etxetan euskara eskolak eskaintzen ditu). Azken hilabeteetan egindako ahaleginari esker, bi irakaskuntza-sare horietako ikasleak online prestakuntza jasotzen ari dira.