Getxoko Zirkuituaren 75. edizioa publikorik gabe izango da

0

Igande honetan egingo den Getxoko Zirkuituaren 75. edizioa publikorik gabeko ekitaldi bezala planteatuko da, zaleen nahiz txirrindularien osasuna ahal den neurrian zaintze aldera.

Horretarako, Punta Galea Txirrindularitza Elkarteak, Getxoko udalarekin elkarlanean, beharrezko neurriak hartuko ditu irteeran nahiz helmugan publikorik ez izateko; horrela, hesiak jarriko dira, eta soilik maskara jantzita joan ahal izango da, eta neurri higienikoak nahiz prebentzio-neurriak errespetatu beharko dituzte bai txirrindulariek, taldeek, batzorde antolatzaileak nahiz egiaztatutako prentsak.

Osasun eta kirol agintariekin koordinatuta, Getxoko txirrindularitza-lasterketak plan bat diseinatu du kutsatzeko arriskua ahal den neurrian gutxiagotzeko, azken aste hauetan izandako berragertzeen aurrean neurri guztiak hartzea beharrezkoa den unean. Era horretan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Departamentuak kirol-ekitaldiak antolatzeko gomendatutako segurtasun- eta higiene-neurri guztiak kontuan hartzeaz gain, sarien banaketa ateak itxita egingo da Getxoko udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

Edizio hau bereziki erakargarria da 75. edizioa izateagatik eta parte hartuko duten taldeen kirol-maila altuarengatik; hala ere, antolakuntzak lasterketa ETB1 eta eitb.eus bidez jarraitzea gomendatzen du, 11:30etik aurrera zuzenean emango dute-eta. Ordu horretan, irteera neutralizatua egingo da Bizkaia Zubian, eta 16:00ak aldera amaitzea aurreikusten da Getxoko epaitegien aurrean.