Arabako Foru aldundiak Enargi sozietate publikoa eratu du

0

Gobernu Kontseiluak sozietate publiko berri bat eratzea onetsi du, iturri berriztagarrietatik eratorritako energia ekoizten duten instalazioak sustatu, eraiki eta ustiatzeko Araban. Enargi Araba SA izango du izena, eta helburu du lurraldearen etorkizunerako jasangarriak eta garbiak diren energiak sustatzeko Arabako Foru Aldundiak egindako apustua sendotzea.

Apustu hori ekonomia suspertzeko Plan-A izeneko planaren barruan dago, eta Armiñongo Ekienea eguzki parke berrian foru partaidetza kudeatzea aurreikusten du. Parke hori energia fotovoltaikoa ekoizteko Euskadiko parkerik handiena izango da.

Arabako Foru Aldundia izango da Enargiko kapital sozial guztiaren titularra, eta sozietateak Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatua izango du lehendakari. Enargiren xedea energia berriztagarriak ekoiztea izango da: hidraulikoak, eolikoak, eguzki energia termikoak, fotovoltaikoak edo biomasatik eratorritakoak. Besteren artean, sozietateak apustu publikoa egingo du foru eskumenen esparruan gizartearekin modu parte hartzailean energia alternatiboak sustatzeko ekimenen alde. Gainera, Enargik kudeatuko ditu Arabako Foru Aldundiak energia berriztagarrien ekoizpenaren alorrean eskuratzen dituen eta bere ondareari eransten dizkion aktiboak.

Hortaz, erabaki garrantzitsua da, arlo horretan hainbat neurri hartu, eta honako hauek bultzatzeko: aldaketa klimatikoari aurre egiteko ekintzak, karbono ekoizpen txikiko eredu sozioekonomiko eta energetikoa eta Europan hartzen diren erronka eta konpromisoekin bat datozen tokian tokiko neurriak.