Jabo H. Pizarroso eta Uxue Apaolaza Larrea aukeratu dituzte beren lanak garatzeko

0

Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak antolatzen dituen «Ignacio Aldecoa Sari» berrituek Jabo H. Pizarroso eta Uxue Apaolaza Larrea hautatu dituzte XLIX. edizioko irabazle.

Berritasunak dituen edizioa da, izan ere, horiek, poesiako Champurcin eta entseguko Becerro de Bengoa sariekin batera, bertan behera geratuko dira covid19ak eragindako osasun alerta dela-eta.

Berrikuntzen artean nagusia dugu aurtengo saria geroagoko sorkuntzari emango diotela. Kulturako foru arduradunaren arabera, «pandemiak sailak urtero antolatzen dituen sari tradizionalak ateratzea eragotzi zuen, eta horrek aurtengo edizioa birpentsatzera behartu gaitu. Ildo horretan, eta Turner Sariek (arte plastikoen munduko erreferenteak) egin dituzten aldaketetan oinarrituta, bi pertsona hautatuek hilabete batzuk eta finantzaketa izango dituzte egoera honetan sortzeko eta idazteko, eta ez alderantziz», adierazi du Ana del Val foru diputatuak.

Zehazki, hautatutako pertsonek abenduaren 31ra arteko epea dute ipuin bilduma entregatzeko eta 6.000 euroko saria jasoko dute (% 70 aurrerakin gisa emango zaie)

Lehiaketara, guztira, 8 hautagai aurkeztu dira gaztelaniazko ediziora (Arabako Lurralde Historikoan eta Trebiñuko enklabean bizi direnentzat mugatua aurten) eta 27 euskarakora (mugarik gabe). Gaztelaniaz, 3 emakumezko eta 5 gizonezko. Euskaraz, 10 eta 17, hurrenez hurren. Hautagaitza guztiek beren inskripzioarekin batera, egin nahi zuten ipuin bildumaren azalpen bat eta lagin labur bat aurkeztu behar izan zituzten.

Epaimahaiak kategoria guztiak balioetsi ditu eta honako hauek osatu dute epaimahaia: Txani Rodriguez (idazlea, kazetaria, gidoilaria eta hainbat komunikabidetako ohiko kolaboratzailea), Katixa Agirre (euskarazko idazlea, Ikusentzunezko Komunikazioan doktorea eta EHUko irakaslea), Iban Zaldua (euskal ipuinen idazlea, EHUko Historia Ekonomikoko irakaslea) eta Alexander Gurrutxaga (EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakaslea).