Bilboko Bidebarrieta kulturguneak Mikel Santiago eta Alaitz Leceagaren arteko literatur elkarrizketa hartuko du

0

Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak hitzordu bi ditu aste honetarako: hilaren 20an, eguenean, Alaitz Leceaga eta Mikel Santiago idazteari buruz arituko dira, eta abuztuaren 21ean, barikuan, Anne Etchegoyenek ‘Emazte’ bere azken diskoa aurkeztuko du.

Abuztuaren 20an, eguena, 19:00etan, Mikel Santiago eta Alaitz Leceaga idazleek euren lanetako idazteko metodoez, errutinez, literatur erreferenteez eta “familia-antzerkia”aren sinbolismoez arituko dira. Solasaldi horretarako gonbidapenak hemen eskura daitezke: www.bilbaokultura.eus.

Mikel Santiagok (1975, Portugalete) rock bandetan jotzen eman zuen gaztaroa eta ondoren, kontakizun eta eleberri laburrak argitaratzen hasi zen interneten; horiekin, estatuan eta Estatu Batuetako best sellerren zerrendara iristea lortu zuen. ‘La última noche en Tremore Beach’, bere literatur debuta, hogei hizkuntzatara baino gehiagotara itzuli eta fenomeno editoriala izan zen. Hurrengo nobelek, ‘El mal camino’, ‘El extraño verano de Tom Harvey’ eta ‘La Isla de las últimas Voces’, arrakasta handia lortu dute irakurleen eta kritikaren artean. Eleberrietako batzuk pantaila handirako jauzia egiteko bidean daude.

Alaitz Leceaga (1982, Bilbo) misteriozko eleberrien, thriller-en eta saga familiarren irakurle sutsua da. ‘El bosque sabe tu nombre’, bere lehen eleberria, 2018ko literatur debutik txalotuenetako bat izan zen, argitaratu eta hilabetera jarri zen gehien saldutakoen zerrendetan, eta gaur arte 100.000 ale baino gehiago saldu dira. Alaitz Leceaga 2019an itzuli zen Errioxako XIX. mendearen amaierako upategi garrantzitsuenen sorrerari buruzko eleberri bikain batekin. ‘Las hijas de la tierra’ lanean, irakurleek emakumezko pertsonaia indartsuak, girotze erakargarria, jakinguraz betetako misterioa eta idazkera bikaina aurkituko dituzte.