Eusko Jaurlaritzak Gobernu Kontseilua egingo du Miramar Jauregian

0

Eusko Jaurlaritzak Gobernu Kontseilua ospatu du gaur, ohi bezala, Donostiako Miramar Jauregian. Iñigo Urkullu lehendakariari eta sailburuei harrera egin diete Eneko Goia Donostiako alkateak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak.

Eusko Jaurlaritzaren bileraren ondoren, Iñigo Urkullu Lehendakaria komunikabideen aurrean agertu da, lehendakariak ikasturte politikoa amaitutzat eman duen bilera honetan jorratutako gaien berri emateko.

Hala, lehendakariak bere gobernua osatu duten sailburuek egindako lana aitortu eta eskertu du, eta legegintzaldiko lankidetzarako eta talderako espiritua nabarmendu du. «Nire esker ona gure ondasun komunaren, Euskadiren, orainaren eta etorkizunaren zerbitzura egindako ekarpenagatik».

Koronavirusari eta horren hedapenari eusteko neurriei dagokienez, Lehendakariak azaldu du hori arrisku gehien duten taldeetara ez zabaltzea dela Eusko Jaurlaritzaren ekintzaren helburu nagusia. Horretarako, jarduera soziala murriztea funtsezkoa dela gogorarazi du, eta, beste behin, erantzukizun indibiduala eta kolektiboa eskatu du. «Beste ohitura eta portaera batzuekin bizitzen ikasi behar dugu».

Halaber, lehendakariak esan duenez, Eusko Jaurlaritza jakitun da ikasgeletara itzultzeak duen garrantziaz, eta adierazi du Jaurlaritzak lehentasuna emango diola funtsezko zerbitzu publiko horri. «Gobernuaren konpromisoa beharrezkoa den ikastetxeen gaitasuna indartzea da».

Gobernu berriaren eraketari  eta irailaren 3an egingo den inbestidurari dagokienez, lehendakariak aitortu du garrantzitsua dela erakundeen jarduera osoa berreskuratzea, berreraikuntza ekonomiko, sozial eta emozionalaren etapa berri bat abian jartzeko. «Zerbitzu publikoak sendotzea, politika sozialak bermatzea eta ekonomia eta enplegua suspertzen laguntzea da gakoa».