Ez da jai ekitaldirik egongo aurtengo Hondarribiko Jaietan

0

Hondarribiko Jaietan ez da jai ekitaldirik egongo aurten. Hala eman du aditzera Txomin Sagarzazu Alkateak. “Bizi dugun COVID-19an osasun egoera dela eta, gainontzeko herriek hartu duten erabakien ildo beretik, Hondarribiak jai ekitaldirik ez antolatzea erabaki du Udalak aurtengo jaietarako”.

“Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiet urtero herriko jaiak antolatzeko lan egiten duten elkarte guztiei. Urtero lan bikaina egiten dute jai programa eder bat osatu dezagun. Aurten ere elkarte asko lanerako prest agertu dira, baina gauden egoeran nahitaezko erabakia dugu ekitaldiak bertan behera uztea” gehitu du Sagarzazuk.

“Burutuko diren ekitaldi bakarrak, beti ere ere segurtasun eta osasun neurriak bermatuta, irailak 7ko Tedeun eta Salbea, irailak 8ko Guadalupeko hitz ematea betetzea eta irailak 10eko hilen omeneko meza izango dira, pasa den abuztuaren 15ean egin genuen Hiriko bandera eramate-ekitaldiarekin batera” dio Alkateak.

“Udaletik bideo bat prestatzen ari gara, herri-eragile desberdinen partehartzearekin, jai bereziak izango direla gogoratzeko eta denon artean arauak errespetatzea ezinbestekoa dela gogoratzeko. Hortaz gain, eta aglomerazioak saihesteko helburuarekin, Udalak Guadalupeko Bederatziurrenak streaming bidez emitituko ditu bere web orri eta sareetan. Gonbidapena hartu beharko da bertara joateko”.

“Gogoratu nahiko nuke irailak 1etik 13ra ekitaldirik egongo ez badira ere, parentesi moduko bat izango dela. Egoera berezian gauden arren, Udaletik kultur ekitaldiak antolatzen ari gara, Kasino Zaharreko lorategietan eta Erreginaren Baluartean garatzen ari direnak segurtasun eta osasun neurri guztiak zainduz. Orain artean balorazio ona egin beharrean gaude. Irailaren bigarren hamabostalditik aurrera ekitaldi hauekin jarraitzeko asmoa du Udalak, Osasun Agintariek hala baimentzen badigute behintzat”.

Prebentzio neurriak

“Nahiz eta jai ekitaldirik egongo ez den, Udalak prebentzio neurriak hartuko ditu iraileko egun berezi hauetarako. Lan taldea osatu dugu Udalean, Udaltzaingoarekin beharrezkoak diren neurriak hartu ahal izateko egun hauetan. Ertzaintzarekin ere koordinazio lanetan ari gara”-

“Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuak kanpaina bat egingo du, ‘Ondo pasa’ leloarekin jarraituz, baina aurten “Gutxi hobe da” zentzuarekin. Taldekako ospakizunetan erantzukizunez jokatzea azpimarratuko da, eta mezua gazteenei ez ezik, helduei ere haientzat erreferente direla gogoraraziko zaie”, zehaztu du Sagarzazu Alkateak.