Oscar Marcos: “Ilusioa sortu behar dugu hasieratik”

0

Oscar de Marcosek prentsaurrekoa eskaini du gaur Lezamako prentsa aretoan, ostiralean 21:00etatik aurrera Granada CF taldea ligan bisitatu aurretik. Los Carmenesen jokatuko den norgehiagoka LaLiga Santanderren 2020-21. denboraldiko aurreneko neurketa izango da.

Orkatilako mina erabat atzean utzita, jokalari zuri-gorria, partidari begira, ilusio handiaz agertu da, eta talde andaluziarraren aurrean emaitza positiboa lortzeko prest agertu da: “Ilusioa lehen partidatik sortu behar dugu. Aurreko denboraldiaren amaieran izandako sentsazioak ez ziren onak izan eta arantza hori kentzeko aukera dugu lehen jardunaldian. Talde ona da eta gogorrak dira. Intentsitatean berdindu edo gainditu beharko ditugu, emaitza ona atera nahi badugu“.

Lehoientzat erronka asko dituen denboraldi honetan -jokatu gabeko Kopako finala, Espainiako Superkopa-, De Marcosek epe motzeko helburuak ezartzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du, ondoren helburu desberdinen alde ahalik eta berme handienekin borrokatu ahal izateko: “Pixkanaka pausoak eman behar ditugu, gauza asko daude jokoan. Oso garrantzitsua da ostiraleko partida irabaztea. Liga da garrantzitsuena, eta bigarren jardunaldiko etenaldia kontuan hartuta, duen garrantzia eman behar zaio neurketa honi. Puntuak pilatu behar ditugu lehenbailehen“.

Gainera, De Marcos oso pozik agertu da gazteenen denboraldi-aurreko errendimenduarekin: “Oso ondo datoz. Denboraldi-aurre bikaina egin dute. Hori da Athleticen indargunea. Lezamako harrobia erabili ahal izatea eta mailari onari eustea. Ilusio handia sortzen digu horrek“.