Euskaltzaindiak Euskaraldian parte hartzeko deia egiten die euskal herritarrei

0

Orain bi urte bezala, Euskaltzaindiak bat egin du Euskaraldiarekin, euskal herritarrei bertan parte hartzeko dei zabala eginez. Horrela, Andres Urrutia euskaltzainburua, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordearekin eta Kike Amonarriz Topaguneko lehendakariarekin bildu da gaur, Akademiaren Bilboko egoitzan. Urrutiak gogoratu du euskarak “arnasguneak” behar dituela, baina ez bakarrik hori: “Prestigioa behar du euskarak, elkarlana, hiztunak eta sustatzaileak. Hori dena guztia dakar Euskaraldiak, eta, aurrekoan bezala, oraingoan ere egitasmo eraginkor honekin bat egiten du Euskaltzaindiak, eta euskal herritarrak deitzen ditu bertan parte har dezaten, modu natural eta atseginean”. Eusko Jaurlaritzak, Euskaltzaleen Topaguneak eta euskararen lurralde guztietako erakunde publikoek bultzatzen dute egitasmo hau,

Bere aldetik, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak gogoratu du 2018ko Euskaraldiak lortutakoa: “Orain dela bi urte Euskaraldiak hainbat gauza positibo ekarri zizkigun”. “Esperimentu sozial masiboa izan zen, eta herritarrek euskararen erabilera bultzatzeko eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko duten konpromisoa erakutsi zuen. Euskaraldiak inertziak apurtu eta hizkuntza-ohituren inguruko hausnarketa sortu zuen, eta hizkuntza-portaeretan ere aldaketa zehatzak ekarri zituen. Eta horrekin batera, sekulako ilusioa piztu zuen gurean”.“Orain -gaineratu du Dobaranek-, pandemiak gogor jo gaituen honetan, euskarak Euskaraldiaren lehenengo edizioak eman zigun guztia behar du. Eta ekarri zigun ilusioa ere behar dugu”, adierazi du.

Kike Amonarriz Topaguneko presidenteak ere euskaltzainburuak aipatutako kontu bat azpimarratu nahi izan du, elkarlanaren garrantzia: “Azken hamarkadetan euskararen normalizazio-prozesuan eman ditugun urrats handienak herritar,elkarte, mugimendu eta erakunde ezberdinen elkarlanetik egin dira, eta garai konplexu eta zail hauetan ere, euskararen aldeko urrats sendoak emango baditugu, ezinbestean, elkarrekin eta elkarlanean eman beharko ditugu”. Euskaraldiaren helburuetako batzuk aletu ditu Amonarrizek bere mintzaldiaren amaieran: “Euskararekiko portaera eta praktika errealak sustatu nahi ditu Euskaraldiak, ahal den kasueta eremu guztietan hizkuntzaren erabilera bultzatuz. Inertziak puskatu eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko proposamena da. Testuinguru zail honetan ere, dei zabala egin nahi dizuegu herritarrei ahobizi edo belarriprest modura parte har dezazuen. Ilusioa berreskuratu behar dugu, eta Euskaraldi indartsu bat lortu”.