Pedro Azpiazu: “Ziurrenik Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren bilera irailaren 30ean izango da”

0

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua elkarrizketatu dute gaur Radio Euskadiko “Boulevard” saioan, eta gaurkotasun politikoaren errepasoa egin du bertan.

Gaur goizean Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak gogorarazi du Espainiako Gobernuak Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren bilera irailean egiteko konpromisoa hartu zuela. Hori dela eta, sailburuak adierazi du ziur aski datorren asteazkenean, irailaren 30ean, egingo dela; bertan, besteak beste, foru aldundien eta euskal udalen defizita negoziatuko da. “Foru Aldundiek errealitate ezberdina dute eta zorpetzeko gaitasuna izan behar dute”, adierazi du.

Azpiazu sailburuak azaldu duenez, une honetan Ekonomia eta Ogasun Saila aurrekontuen jarraibideak diseinatzen ari da. Lan horretan bi aldagai dira oso garrantzitsuak, defizita, % 2,6koa izango dena, eta baliabideak, urriaren 15ean Finantzen Euskal Kontseiluan jakingo dena. Ildo horretan, diru-bilketaren lehen aurreikuspenak % 20ko beherakada izango zela zioten, baina sailburuaren iritziz, “zerbait hobetu daiteke”. “Nolanahi ere, beherakada handia izango da”, azpimarratu du. Hala, diru-bilketaren beherakada zorraren, Europako funtsen eta Espainiako ezohiko funtsen bidez konpentsatuko dela argudiatu du.

Europako funtsei dagokienez, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak baliabide horien atzerapena nabarmendu du. “Baliabideak prest izan behar ditugu, gehiago ez atzeratzea espero dugu”, adierazi du. Gainera, ezarritako baldintzekin kezkatuta agertu da, izan ere, baliteke aldaketak Eusko Jaurlaritzaren esku ez egotea. “Europari aurkezteko Espainiari aurkezten dizkiogun proiektu guztiak antolatzeko ardura du gure sailak”, gaineratu du. Zenbatekoari dagokionez, Azpiazuk nahiago izan du kopururik ez aipatu, espekulatiboa izango litzatekeelako. “Proiektu publiko eta pribatuen multzo on bat prestatuko dugu lehiatzeko”, azpimarratu du.

Euskal ekonomiaren egoeraz galdetuta, Azpiazuk aitortu du bigarren hiruhilekoan beherakada historikoa izan dela, baina hiruhileko honetatik aurrera zantzu hobeak ikus daitezkela nabarmendu du. “Itxaropena dugu, baina urtea txarra izango da. Espero dezagun martxoko egoerara ez itzultzea. Errekuperatzen joan behar dugu “, adierazi du. Pedro Azpiazuren arabera, egoera honi aurre egiteko guztion laguntza beharrezkoa da. “Denok aterako gara elkarrekin ateratzen bagara, arazoa ez dute besteek konponduko, elkarlanean konpondu behar dugu”, gaineratu du. Testuinguru horretan, sailburuak azpimarratu du ez dela Jaurlaritzaren asmoa soldatak jaistea, eta aurreikusitako neurrietako bat politika publikoak ebaluatzeko unitate bat sortzea dela, inertzia batzuk hausteko.

Fiskalitateari dagokionez, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak esan du orain ez dela ulertzen zergak igotzea, baina, aurrerago, zerga-sistemari buruz hausnartu beharko dela. “Sakoneko planteamenduak denbora gehiagorekin egin beharko dira”, gaineratu du.