Auto baten gidaria hil da AP-1en, Arratzua-Ubarrundian, gertatu den zirkulazio-istripu batean.

0

Gaur, asteazkena, goizean, 42 urteko gidari bat hil da AP-1 autobidean, Arratzua-Ubarrundian gertatu den trafiko-istripu batean. Auto batek eta mikrobus batek aurrez aurre elkar jo dutenean gertatu da istripua, eta autoaren gidaria hil egin da. Bestalde, hirugarren ibilgailu batek autobusa jo du eta bertan zihoan bidaiarietako batek zauri arinak izan ditu.

Zoritxarreko ezbeharra gaur, asteazkena, goizeko 06:20 aldera gertatu da, AP-1 autobidean, Arabako Arratzua-Ubarrundiako udal-barrutian. Ertzaintza ikertzen ari da Audi A-4 autoak nolatan jo duen aurrez aurre mikrobus bat. Istripuak eragin dizkion lesioen ondorioz, autoaren gidaria, 42 urtekoa, ia berehala hil da, eta ezbeharra gertatu den lekura hurbildu diren medikuek heriotza ziurtatu baino ezin izan dute egin. Bestalde, hirugarren ibilgailu batek, Audi A-3 batek, autobusa jo du atzetik eta alboz, eta autoan zihoan kopilotuak zauri arinak izan ditu.

Gasteizko suhiltzaileek atera behar izan dute autotik biktimaren gorpua. Istripuaren ondorioz auto-ilarak sortu dira eta itxi egin behar izan dira GI-627tik Eskoriatzako ordainlekura sartzeko bidea eta Isuzkizako eta Eskoriatzako tunelak, istripua izan duen autoa kentzeko eta bidea garbitzeko lanak amaitu arte. Goizeko 10:30 aldera leheneratu da trafikoa bai AP-1 autobidean bai GI-627 errepidean.

Ertzaintzako Trafiko Unitateak dagokion ikerketa jarri du abian zoritxarreko istripua eragin duten inguruabarrak argitzeko.