Basque Team Fundazioak 2020an bekatu diren kirolarientzako laguntza berberak emango ditu 2021ean

0
  • Osasun-krisiak eragindako aparteko egoeraren aurrean, bekadunentzat oinarrizko babes-irizpide bat aplikatu da
  • Basque Team Fundazioak bere helburu nagusiei eusten die: 2021eko Tokioko eta Beijing 2022ko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Maialen Chourraut piraguistak eta Aritz Aranburu surflariak lagunduta, Eusko Jaurlaritzak Basque Teamek urtero ematen dituen beken inguruan 2021erako duen proiektua aurkeztu du gaur eguerdian Euskadiko Artxibo Historikoan.

Basque Team Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio bat da, eta goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea eta sustatzea du helburu, nazioarteko goi-mailako kirol-lehiaketan euskal ordezkaritza zabala ahalbidetzeko, bai eta aipatutako lehiaketetan euskal kirolarien bikaintasun-emaitzak lortzeko ere.

Basque Team Fundazioak hainbat laguntza eta beka eman ditu duela hamarkada bat baino gehiagotik euskal kirolarien prestakuntza eta parte-hartzea sustatzeko mundu mailako nazioarteko kirol-lehiaketa garrantzitsuenetan, eta, bereziki, programa olinpikoan eta paralinpikoan. Beka horiek urtero ematen dira, eskatzen dituzten kirolariek aurreko denboraldian izandako emaitzak kontuan hartuta.

2021eko beken kasuan, covid-19aren osasun-krisiak 2020. urteko kirol-jarduera erabat baldintzatu du, nazioarteko kirol-lehiaketak egiteko aukerarik ez da egon edo oso aukera gutxi egon dira, Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak bertan behera uzteraino. Egoera horren aurrean, eta kirolariak babesteko oinarrizko irizpideagatik, beharrezkotzat jotzen da, 2020an egindako nazioarteko lehiaketa bakanetan lortutako emaitzak ebaluatzeaz gain, aurreko urtean edo ekitaldian onuradun izan ziren pertsonentzako 2021erako laguntza berberak mantentzea. Gainera 2020an atzeraeraginezko beka izan duten eta merituak frogatzeko lehiaketarik izan ez duten kirolariek beka osoa jasoko dute 2021ean, salbuespenezko neurri gisa.

Basque Team bekak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Diru-laguntzen Planaren barruan daude, eta laguntza horietarako dagokion aurrekontu-kreditua dago. Beken modalitateak (‘kirolariak’, ‘atzeraeraginezkoak’, ‘support’), sariak eta teknikarientzako laguntzak kontuan hartuta, 921.750 euro inbertituko dira guztira laguntza hauetan.

«Jaurlaritzak, eta zehazki Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, kirolaren, goi mailako kirolaren eta Basque Team Fundazioaren aldeko apustua egiten jarraitzen du, aurten jasaten ari garen zailtasun guztiak gorabehera», adierazi du Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.

Maialen Chourraut txapeldun olinpikoa, Fundazioaren sorreratik beka jaso duen kirolarietako bat, oso eskertuta agertu da, «hartutako erabakiak lan egiteko eta aurrean ditugun hitzordu garrantzitsuak lasaitasun handiagoz prestatzeko aukera emango digu, ziurgabetasunez beteriko testuinguru batean». «Oso kontziente gara oso momentu delikatuan diru publikoarekin laguntzen ari zaigula, eta ahalegin guztiak egin behar ditugula gizarteari guregan inbertitutako guztia itzultzeko», gaineratu du Aritz Aranburu surflariak.

Denboraldi honetako helburu nagusia Tokioko hitzordua da. Bertan Basque Teamek kobertura mediatikoa egingo du, Olinpiar Jokoetan zein Paralinpikoetan. Horrez gain, ‘Bat To Tokio’ telebista saioa ekoizpen prozesuan dago. Japonian lehiatzeko plaza lortzeko borrokan aritu diren kirolarien lana biltzen du dokumental sortak.

Bestalde, Beijingen 2022an egingo diren Neguko Jokoetarako ziklo olinpikoa fase erabakigarrian sartzen ari da. Fundazioak neguko hitzordurako komunikazio-estrategia paraleloa landuko du, neguko kirolariei buruzko beste programa batekin eta Txinako txapelketaren koberturarekin.

Tokioko eta Beijingeko Jokoak egutegian hurbilen daudenak izan arren, Basque Team inoiz baino gehiago indartzen ari da beheragoko kategoriekin egin beharreko lana, Paris 2024ra eta Milan 2026ra begira. Euskal federazioekin batera lan egiten da Euskadirentzat estrategikoak diren kirolen bikaintasun-proiektuetan, hala nola surfa, piraguismoa, arrauna, neguko kirolak eta kirol egokitua.

Helburu horiek guztiak betetzeko, Basque Teamek Quiron Salud, Athletic Club eta Eibar KE babesle pribaten laguntza izaten jarraitzen du.