Bilbo, bi atxilotu garraio-txarteletan karga iruzurtiak egiteagatik

0

Ertzainek 31 eta 36 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten atzo, asteartea, arratsaldean, ustezko iruzur-delitua leporatuta. Inplikatuek diru-kargak egin zituzten Barik txarteletan tranbiako bi geltokitako makinetan, Basurtuko kale batean banaketa-furgoneta batetik lehentxeago lapurtutako bankuko bi txartelekin.

Arratsaldeko ordu biak laurden gutxi aldera, Euskotrenetik Ertzaintzari jakinarazi zioten bi pertsona dirudienez karga iruzurtiak egiten ari zirela garraioko Barik txarteletan Autonomia kaleko tranbia-geltokian. Horrez gainera, jakinarazi zuten antzeko mugimenduak egin zituztela Casillako geltokian.

Herritarren babeserako patruila batek Autonomia kalearen eta María Díaz de Haro kalearen arteko elkargunean aurkitu zituen ustezko inplikatuen deskribapen fisikoarekin bat zetozen bi gizonezko. Horietako batek sei Barik txartel eta bankuko beste bi txartel zeramatzan oinetakoetan ezkutatuta, azken horiek beste titular baten izenean zeuden. Bigarren gizonak beste garraio-txartel bat zeraman. Egiaztatu ahal izan zutenez, bankuko bi txartelak lehentxeago lapurtu zituzten, diru-zorro batekin, dokumentazioarekin, giltzekin eta telefono mugikor batekin batera, Basurto inguruko saltokietan banaketa-lanetan ari zen furgoneta batean zegoen gerriko poltsa batetik. Horrez gainera, Euskotrenetik jakinarazi zuten egindako kargak 700 bat eurokoak zirela.

Horren aurrean, bi gizonak atxilotu zituzten. Atxilotuak gaur, asteazkena, goizean eraman dituzte Epaitegira, beharrezko polizia-izapideak amaitu ondoren.