“Kultura eta Agenda 2030” eztabaidagai hurrengo Tokiko Elkartasunari buruzko Europako Jardunaldian

0

Garapen jasangarria lortzeko kultura-jasangarritasunari buruzko eztabaida eta Kultura, 2030eko Agendan aurrera egiteko giltzarri gisa, izango da hurrengo Tokiko Elkartasunari buruzko Europako Jardunaldiaren gaia. Egungo osasun egoera dela eta, jardunaldi hori online egingo da Euskal Fondoaren Youtubeko kanalaren bidez: https://www.youtube.com/channel/UCV_xoozxTG-lxInY4Kb8pwg . European Days of Local Solidarity-ren bosgarren edizioko hitzordua datorren azaroaren 19an (osteguna) izango da, 10:30ean, “Kultura eta Agenda 2030” izenburupean. Getxoko Udalak, Euskal Fondoak eta Platformak (Hezkuntza globalerako eta nazioarteko lankidetzarako Europako hiri eta eskualdeen Sarea) antolatutako saioa da. “Jardunaldiaren helburuak hauek izango dira: Lankidetzaren arloan Kulturarekin lotuta egiten den lana, kultura-baliabideen erabilera eta Kulturaren munduak Kultura eta Elkartasuna lotzeko egiten dituen ekintzak baloratzea”, Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak azaldu duenez.

Egitarua

Egitarua 10:30ean hasiko da (izena eman beharrik gabe), eta Begoña Guzmán UNESCO Etxeko kultur arduradunak ongietorria eta sarrera egingo ditu. Horren ostean, 11:00etan, mahai-ingurua egingo da: “Arte- eta kultura-adierazpenak garapenerako nazioarteko lankidetzan”. Parte-hartzaileak: Carlos Vázquez (KCD), Arantza Acha (UNESCO Etxea) eta Raúl San Roman Otegi (Euskal Fondoa). Ondoren, 11:50ean, “Kultura eta Giza Garapena, ikuspegi bat Euskaditik” mahai-inguruan, Getxoko Udaleko Xabier Paya, Agirre Lehendakaria Centerreko Juan José Ibarretxe eta Munduko Hizkuntza Ondareko UNESCO Katedrako Inés García izango dira.

Egunaren jatorria

Nazio Batuen 2030 Agendak 2015erako ezarritako Garapen Jasangarriaren Helburuek (GJH) zuzenean egiten diete interpelazioa tokiko gobernuei, herritar arduratsuak aktibatzeko politikak eta sentsibilizazio-ekintzak abian jartzeko eskatuz. Mandatu hori jasota, Platformak Tokiko Elkartasunaren Europako Egunak jarri zituen martxan 2016. urtean. Ekintza bateratua izan zen Europa osoan, elkartasun globalarekin eta garapen iraunkorrarekin urtean bi astez hartutako konpromisoari balioa emateko.