Getxo Kirolak-ek aurtengo udaberriko konfinamenduan zuzenean emandako online kirol- ikastaroen esperientzia aurkeztuko du Urbanbat Fest jaialdian

0

Getxo Kirolak-ek pasa den udaberrian konfinamenduan zehar zuzenean emandako online kirol-ikastaroen inguruko esperientzia aurkeztuko du bihar, osteguna, hilak 12, arkitektura, hirigintza eta gizarte-berrikuntzako Urbanbat Fest jaialdian. Jaialdiaren aurtengo edizioaren goiburua “Hiria etxe barruan” da, eta Covid-19ak eragindako pandemiaren testuinguruan etxeko eremuan gertatutako eraldaketa eta erabilera berriak aztertuko ditu. Getxo Kirolak-ek online kirol-eskolen programarekin burututako lana «Etxean ibiltzearen gaineko esperientziak» izeneko jardunaldian aurkeztuko da, Estatuko eta Kolonbiako eta Estatu Batuetako leku ezberdinetako beste 7 proposamenarekin batera. Besteak beste, honako gai hauek jorratuko dira: adinekoen egoitzetako lana, irisgarritasuna, hiri-birsorkuntza, cohousing eta konfinamendu soziala.

Getxo Kirolak-ek aurkezpenean, martxoan, apirilean eta maiatzean egindako lana deskribatuko da, global fitness, pilates, haurrentzako kirola, adinekoentzako kirola eta yoga bezalako eskolak eman baitzituen zuzenean. Jarduera-programazio horretan, 4.325 pertsonak hartu zuten parte, eta, jardunaldian azalduko den moduan, jarduera fisikoaren eta aisialdi osasungarriaren alternatibak eskaintzeaz gain, adinekoen kasuan teknologia berrietara hurbiltzea eta elkar laguntzeko eta zaintzeko espazio bat sortzea ere lortu zuen.

Esperientzien aurkezpena internet bidez egingo da eta 19:00etan hasiko da. Izenematea doakoa da eta web orrialde honetan eska daiteke: 9festival.urbanbat.org