Eusko Jaurlaritzak herritarrak garaiz ohartarazteko alerta-sistema bat aurkeztu du larrialdi-egoeretan euren burua babestu dezaten

0

 

Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak eta Maider Larrañaga Eusko Jaurlaritzako larrialdietako teknikariak gaur aurkeztu dituzte 112-SOS DEIAK aplikazioaren funtzionalitate berriak, larrialdi-egoeretan gizartea ohartarazteko eta, hala dagokionean, jarduteko. Proiektu bikoitz honi esker herritarrek bi modutara hartu ahal izango dituzte euren burua babesteko erabakiak:

  • ALDERANTZIZKO 112: herritarrak garaiz ohartarazteko alerta-sistema bat da, eta, geolokalizazioan sartzeko aurretik dagokion baimen informatua eta segurua eman ondoren, dauden lekuan sortzen diren arrisku-egoerei buruzko abisu zehatzak jaso ahal izango dituzte. Lokalizazioaren araberako premiazku abisu segmentatuak izango dira, aurreikusten diren, berehalakoak diren edo bat-batean sortu diren larrialdien aurrean emango direnak. Esate baterako: fenomeno naturalak, alerta laranjakoak edo hortik gorakoak (meteorologia txarra, uholdeak, txingor-zaparradak, elurteak,…); basoko suteak; jario toxikoak edo arriskutsuak, herritarrak etxeratzea edo ebakuatzea eskatzen dutenak; segurtasun publikoan eta pertsonen integritatean eragina duten gertaera larriak; segurtasun-plan bat duten ekitaldi berezietan sor litezkeen arriskuak, eta abar. Zerbitzu berri hori 2017ko abuztuan onartutako Europako Parlamentuaren zuzentarau batean oinarritzen da, estatu kideei eskatu baitzien komunikazio-sistema nazional bat ezartzeko hondamendiren bat izanez gero herritarrak ohartarazteko.

  • BIDE SEGURUA: pertsonak geolokalizatzeko sistema bat da, eta bilaketa eta erreskate lanetan denborak laburtzen lagunduko du. Adinekoak, kirola bakarrik egiten duten pertsonak eta abar zaintzeko diseinatu da; izan ere, pertsona bat bilatzeko eta erreskatatzeko agindu bat ematen denean, geolokalizazioa aktibatuta duen pertsona horrek azken mugimenduetan egin duen bidea jarraitzeko aukera ematen du.
  • Horrez gainera, egoki jotzen diren datu medikoak edo pertsonalak sartzeko aukera ere ematen du, Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren erreskate-lanak eraginkorragoak izan daitezen. Bestalde, hirugarren pertsona baten kontaktu bat edo batzuk sartzeko aukera ere ematen du, 112 SOS DEIAK zerbitzua, larrialdiren bat gertatuz gero, haiekin harremanetan jarri ahal izan dadin.

“112 SOS DEIAK” APLIKAZIOA

Eusko Jaurlaritzak 2018ko apirilean jarri zuen abian “112 SOS DEIAK” aplikazioa. Une hauetan 24.481 erabiltzaile aktibo ditu (15.020 gizon eta 9.106 emakume). Aplikazioari esker, hura jaitsita duen pertsonak oso erraz eta zuzenean bidal dezake abisu bat Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentrora.

Aplikazio sinplea eta irisgarria da, eta entzuteko eta hitz egiteko zailtasunak dituzten pertsonak 112rekin komunikatu ahal izateko aukera ere ematen du grafikoen bidez eta operazio-pantailetan zuzenean ikusi ahal izango den txat baten bidez, erabiltzaileak gertaerari buruz egoki irizten duen informazioa eman ahal izan dezan.

Aplikazioa Android eta iOS sistemetan jaits daiteke, euskaraz nahiz gaztelaniaz, eta erabiltzaileek datu medikoak eta pertsonalak sartzeko edo hirugarren pertsonei zuzendutako laguntza eskatzeko abisu bat sartzeko aukera ere ematen du.